Albistea entzun

SASKI DA!

Eta hauek CSKAri irabazi zioten...

Danel Agirre -

2019ko abenduak 31

'Doc' Ivanovic. Gaurko berripaperak bihar garbitutako zorua lehortzeko izango dela dio informazioaren zikloen abiadari buruzko aipu klasikoak. Joan den astean, aipatu egun bakar hori ere ez zuen behar izan Saski Da!-k ezdeus bilakatzeko: Baskoniarentzat iraultza kopernikarra aldarrikatu zuen goiz berean, Dusko Ivanovicen itzulera baieztatu zen. Zurrumurrua aurreko egunetik zebilen Gasteizen, baina zutabegileak sinesgaitzat jo zuen, ezin inuzenteago. Azkenekoz kaleratu zutenean, klubak zor zion dirutza kobratzea ziurtatzeko auzitara jo behar izan zuen Ivanovicek. Ondorengo urteak zabuka igaro ditu, eta gertakari ohiz kanpokoengatik baino ez dugu haren berri izan. Jacob Pullen antolatzaileak «sekula izan dudan entrenatzailerik txarrena» deitu zion biak Khimkin zebiltzanean. Joe Alexander NBAko hegaleko ohia Ivanovic jotzen saiatu zen gero Besiktasen, haren manera autoritarioez nazkatuta. Muturreko neurrien beharra eta mito baten atzean ezkutatzearen tentaldia bateratu dira Josean Kerejetak joan den astean hartutako erabakian. Deriba deigarria da: Pablo Prigionirekin metodologia berritzailea ezarri nahi izan zenetik bi urte baino ez dira igaro, eta etsi-etsian iraganera egin du presidenteak salbamendu bila. Astero 30 puntugatik galtzea jasango duen harmailarik ez dago, eta pitokeria chauvinista da Gasteizen ororen gainetik izaera balioesten delako matraka —gainontzeko zaleek jokalari nagiak maiteko balituzte bezala—. Krisia berealdikoa da, eta irtenbide txarra du: multzoaren ezaugarriengatik —maila atletiko handia, talentu gutxiago, adimen urria— lanketa zehatza eta kohesio handia behar zituen aurtengo Baskoniak, eta guztia eraikitzeke dago. Halako astinduak nolatan jasotzen ari den ulertzea ez da zaila: duela hilabete eskas CSKAri irabazi izanak dirudi orain askoz harrigarriagoa. Lur jota dagoen jokalari sorta suspertu eta konbinazio trinko samarrak sortzen hasteko, bere asmamen guztia beharko du Ivanovicek. Poz gaitezen: Back to the Future-ko Doc zientzialari jenialaren tankerarik ez zaio falta Duskori, Turkiatik ekarri duen piura maitagarriarekin.

Bakoitzak ahal duena. Bilbo Basketentzat Koparako sailkatzearen bozkarioa biribildu lezake kanpoan geratutakoen artean Baskonia egoteak, 2015ean Las Palmasen gertatu moduan. Gasteiztarrei falta zaien horixe dute beltzezkoek aurten: jokalarien dohainei egokitzen zaion gidoi landua, dagokionean moldatzeko apropos prestatutako mila egokitzapenekin. Alex Mumbruren azken minutuetako bosteko ezberdinen erabilera da adierazlerik esanguratsuena: Ben Lammers eta Ondrej Balvin partekatzeko moduaren atzean, esaterako, planifikazio estrategiko zehatza antzeman daiteke. Hamabi jokalarietako bakoitzari zer eska diezaiokeen ederki ulertu ohi du Mumbruk. Eskura dituen baliabideak aintzat hartuta, eta Zaragozaz gain —saskibaloi talde zoragarria eratu du Porfi Fisacek—, ACBko partaiderik efizienteena da Bilbo Basket. Lorpen aipagarria erdietsi du: fitxaketarik garrantzitsuenetako batzuk segidarik batere gabe ari badira ere, emaitzek apenas sufritu duten. Alex Bouteillek badu errurik hor: kideei argiak itzaltzen zaizkienean, beti topatu ohi du atakatik irteteko moduren bat.

Hirukoak baino, ia laukoak. Joan den astean, Brooklyn Netsek bi puntuko zortzi saskiratze baino ez zituen erdietsi New York Knicksen aurkako derbian; zenbateko eskasena da 1950az geroztik. Gauero hiruko 30 saiakera baino gutxiago pilatzen dituzten lau talde baino ez dira geratzen aurtengo NBAn. Kalentura berria deep three-ak dira, zortzi metro baino urrunagoko jaurtiketak. Ligako izar gehienek ordu luzez entsegatu ohi dituzte egun, eta taldeek marra batekin markatu ohi dute eremu hori entrenamenduko kantxetan. Trae Young eta Luka Doncic sei bider altxatzen ari dira batez beste partida bakoitzean distantzia hori baino atzeragotik, zehaztasun aipagarriarekin. Jabetza hasieran izan ohi da ia beti, inongo paserik gabe. «Zirkua» deitu dio Gregg Popovichek hiruko marrak guztiz baldintzatutako egungo NBAri. Kontua da modako trapezista gehienen ikuskizunak zeharo aspergarriak direla, gainera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Asier Martinez eta Teresa Errandonea, ahalegin betean. ©KIKO HUESCA / EFE-RFEA

Bi euskal herritar ariko dira Pista Estaliko Europako Txapelketan, Torunen

Julen Etxeberria

Atletismoko lehen txapelketa handia jokatuko dute pandemia betean: Pista Estaliko Europako Txapelketa, Torunen, Polonian, bihartik igandera. Bi euskal herritar ariko dira, biak 60 metroko hesidunetako proban: Asier Martinez eta Teresa Errandonea.

 ©STEPH V. PHOTOS / AIVORN

«Giroagatik aukeratu nuen Baiona»

Iñaki Berastegi

Ordasek uste du ezen, koronabirusak gogor astindu bazituen ere, garaiz indarberritu direla mailari eusteko borroka esturako. Taldeko jokalari garrantzitsuetako bat bilakatu da.
Abelardo Fernandez Alaveseko entrenatzailea, haserre, larunbatean Osasunaren aurka jokatutako derbian. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Oroipenak, besterik ez

Eñaut Agirrebengoa

Abelardok okerreko bidetik abiatu du bigarren aroa Alavesen aulkian. Iraganeko formula ahaztu du, eta, oraingoz, hasiera hobe baten akorduak ekarri ditu soilik.

. ©Jesus DIges / EFE

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.