Danel Agirre.
SASKI DA!

Lanbidea bai, errenta ez beti

2019ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Ez duzu Eurokopa jokatuko. Peyton Siva eta Stefan Penok min hartu, eta aldi baterako antolatzailerik gabe geratu zen Alba Berlin urtarril bukaeran. Harrobian leku horretan aritzen den bere belaunaldiko jokalari onenetakoa du Albak: Jonas Mattisseck.Alemaniako selekzioarekin dagoeneko egin du debuta. Aito Garcia Renesesen ikasgaiak pistan aplikatuz, minutuak pilatzeko abagune paregabea zen, teorian, 19 urte bete berri dituen gaztearentzat. Apenas baliatu ahal izan duen, ordea. Batxilergoko azken azterketak zain ditu udaberrian —Alemanian urtebete beranduago amaitzen da)— eta bere gurasoek ikasketak lehenetsi dituztenez, graduatu arteko entrenamendu eta partida kopurua zeharo murriztua du.

NBA, selekzioa edo ezer. Saskibaloi jokalari profesional bilakatzea ez da derrigorrean bizi egitasmo erakargarria. Alemanian, usu gertatu ohi da dohain apartak dituzten gazteek erretiroa hartzea, etorkizunean NBAra edo gutxienez selekzioan aritzeko mailara hurbilduko ez direla usaindu bezain pronto. Mileurista soldaten truke hamabost urtez kirol bati ardura osoa eskaintzea ez dute zentzuzkotzat jotzen. Emakumeen kasua are muturrekoagoa da, lansari kaskar hori bera eskuratzeko herrialdeko jokalari onenetakoa izan beharra dagoelako. Maila oso oneko nerabeak motibatzeko zailtasunak izan ohi dituzte entrenatzaile askok. Profesional bihurtzeko anbiziorik gabe, denbora-pasa moduan hartu ohi dute saskibaloia. Alemaniako harrobiko taldeek eta lehiaketek, oro har, ez dute inondik ere Euskal Herrikoen seriotasun eta dedikaziorik.

Elitekoa, soldata izan ezik. Kirolak —bere mailakatze eta esparru guztiekin— ez du gurean duen estatusik beste inon. Ondorio desatseginik badu horrek: guztia erronka, marka eta balentria bilakatu beharraren gaixotasuna da, beharbada, larriena. Baina gure obsesio nazionalak badu bere alde zorionekoa ere: Euskal Herriko azken auzoak du bere kluba, eta taldeko lan izugarria egiten da horietan. Harrobi baten balio soziala ez du dituen profesionaletara iritsi direnen zenbatekoak neurtzen, maila kaskarra duten haurrak integratu eta talde batean ipintzeko duen ahalmenak baizik. Arlo horretan, Euskal Herriko gaztetxoei hainbat kiroletan eskaintzen zaien talde eta lehiaketen kopurua berdingabea da, eta ondare izugarria. Zulo galanta ere badu sare horrek, ordea. Goi mailako kirolariak ateratzeko gaitasun eta baliabide apartak izan, eta profesional bihurtzearen truke prekaritatera kondenatzen ditu kirolari asko eta asko.

Gutxienez, argi hitz egin. Kirol zinegotzi eta diputatuek txio triunfalistekin ospatu ohi dituzte euskal harrobietako jokalarien eliteko ligetako debutak. Errealitate gordina alfonbra azpian ezkutatuta, nola ez. Saskibaloiaren kasuan, kirola ogibide bilakatzea lortzen duten euskal jokalarien—eta entrenatzailee —%95 ez da sekula mileurista izatetik pasatuko. Horietatik batzuk ez dira iritsiko gutxieneko soldata kobratzera ere, areago emakumeen kasuan. Talderen batean jokatutako haur orok egin du amets inoiz NBArekin; saihetsezina da. Nabarmentzen diren nerabeen kasuan, dagoeneko herrietako klubek ere eskaintzen dituzte banan-banan entrenatzeko programak. Dario Brizuela jokatzen ikusi, edo Gernika Galatasarayri gailendu zaiola irakurri, eta gurasoei ez zaie okurritu ere egiten aukera horiei uko egitea. Ikasketak zeharo baldintzatu ohi dituzten erabakiak izan ohi dira sarri. Ofizioan nagusi den prekaritateaz informazio zehatzagoa edukiz gero, horrenbesteko arinkeriaz hartuko ez liratekeenak, ziur aski. SaskiDa!-k jakin nahiko luke errealitate hori nola helarazten zaien nerabeei eta bere gurasoei. Klubek (bai saskibaloian, bai beste kiroletan ere) badute garaia prekaritatea existituko ez balitz bezala egiteari utzi, arazoari behingoz heldu, eta lana behar den moduan ordaintzen hasteko.Kirol zinegotzi eta diputatuen partetik ez delako txio triunfalistak baino ezer hoberik itxarotea komeni, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.