Danel Agirre.
SASKI DA!

Hamaikagarreneko azken aukera

2019ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Asko gustatuko zaizue. 2007ko Malagako Errege Kopa abagune aproposa zen Bruesaren kamiseta urdina pinpirin janzteko. Zezen plaza batean hamar mila lagunetik gora biltzen zituen hasiberria zen hartan Gipuzkoa Basket, guztiek ezagutu nahi zuten berritasuna. Urteroko Baskoniaren elastiko zaharra adiskide bati laga, eta Fede Kammerichs-ena kendu gabe pasatu zuen asteburua Saski Da-k. Martin Carpenako korridore batean GBCko osagarriren bat soinean zuten beste bospasei lagunekin kalakan zebilela, Miguel Santos arrimatu zitzaion taldeari. Hirukoa sartu berri duen eskoltaren moduan bostekoa joz korro osoa agurtu («Onenak zarete!»), eta bakarrizketari ekin zion. «Mulaomerovicen fitxaketa itxi berri dut. Baita Europako lehen mailako hegal-pibot batena ere. Bi horiekin gorantz egingo dugu», xehatu zuen. GBC azken-hirugarren zen hamalau jardunaldiren faltan, baina klubaren jabe eta presidenteak ez zirudien kezkaturik, ez horixe: «Laster gaude gu ere Kopan mutilak. Illunbe ere itxura-berritzera goaz. Bueno, banoa, baina ez ahaztu datorren astean El Diario Vasco begiratzea, hegal-pibota asko gustatuko zaizue». Santosen grinak kutsatuta, aiene batean egin zuen Saski Da-ren Kopako kuadrillak etxerako itzulera. Hegal-pibot erabakigarria behar zuen hori nor zen jakin zenean, ordea, apur bat zapuztu zen euforia: Georgios Pavlidis izeneko hura ez zuen taldeko inork ezagutzen. GBCk azken putz amaitu zuen liga hura, salbamendutik lau garaipenera. Desengainuarekin, ikasgai bat ere barneratu zuen Malagara txangoa egindako lagunarteak: aurrerantzean, komeni zen Santosen iragarpenak zuhurtziaz hartzea.

Diruarekin erraza zen. Gipuzkoa Basketen historia konplitu gabeko proiektuen letania luze bat da. Hastapeneko mezenasa adreiluaren krisiak irentsita ere, taldeak bizpahiru urtez itxuroso antzean lehiatzen jarraitu zuen ACBn. Lagun Arok eta Foru Aldundiak eskuzabal entregatu sosak ez zituen baliatu, ordea, klubak, egitura profesional samar bat eratzeko. Merkatura irten eta Andy Panko edo Bernard Hopkins fitxatzeko patrika beteta edukitzea baino ez zen behar. Diru sarrerak murrizten hastearekin, ordea, zuzendaritzaren gabezia guztiak agerian geratu ziren. ACBn eman dituen azken sei sasoietatik, lautan amaitu du GBCk azken bi postuetako batean, nahiz eta birritan bulegoetako sator-lanarekin mailarik galdu ez. Are etsigarriago, behinolako babes sozialetik ez zaio apenas ezer geratzen.

Ez hirian, ez Gipuzkoan. Kluba hutsetik sortzeko orduan, ahituta zebilen Askatuak-en ordura arteko estatusa indarrez eskuratu zuen Miguel Santosen GBCrentzat, aldundiaren konplizitatearekin. German Cearen eskuetan kudeaketa ipini, eta Donostiako saskibaloiaren beste bandoetako bat, La Salle eskolaren ingurukoa, lehenetsi zuen Santosek. Hiriko sestra zaharrak gainditzerik ez du lortu sekula GBCk, Ceari hainbatek dioten ezinikusiagatik. Lurraldean are arrotzago sentitu izan dute Gipuzkoa Basket. Urtetan Iraurgirekin izandako portaera iraingarritzat jo daiteke da ia. Ez da hori lehenbiziko urteetan Illunbera joateko herrietan antolatu ziren autobusak desagertu izanaren arrazoi bakarra. GBCk ez du jakin zaleek urteetan igorri mezuak interpretatzen. Klubaren lan soziala, gainera, hutsaren hurrena izan da. Sarrerak merkatzea baino ez zaio okurritu tarteka, baina inork ez dio Illunbera igotzeari laga tiketak garestiegiak zirelako bakarrik.

Trizikloaren gurpiltxoak. Donostian kirol pabiloi berria eraikitzearen promesa justifikatze aldera, hiriak halako instalazio bat behar duten eliteko klub «helduak» dituela adierazi berri du Denis Itxasok. GBCz —besteak beste… ari bazen, gehiegikeria baino, ziri borobila da hori. Jaio zeneko triziklo sastar berberarekin dabil oraindik Gipuzkoa Basket. Eta diru laguntza publikoen alboetako bi gurpiltxoen tranparik gabe (aurrekontuaren ia %40 azkenaldian), zanpatekoa hartuta lurrean legoke aspaldi triziklo hori. Igandeko atsekabearen ondoren, katarsirako azken aukera du GBCk. Hamaikagarreneko azken aukera, zinez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.