Danel Agirre.
SASKI DA!

Hasterako, histeriko

2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Guztia birrintzeko prest. Harmailako aulkiari atxikita entrenatzailea kaleratzeko botoi bat ipiniz gero, partidak klik eta klik igaroko lituzkete ikusle askok. Atsekabeekiko tolerantzia hutsaren hurrengoa da egun zale gehienen artean, eta porrot bakoitza norbaitek ordaindu beharreko irain onartezintzat hartu ohi dute. Baskoniak denboraldiari lehen sei partidetatik lau galduta ekin —azkena imajinatzerik dagoen tokirik okerrenean—, eta erreakzio histerikoak nagusitu dira. Taldearen gabezia taktikoak zuzentzeko Velimir Perasovicen gaitasunik eza frogatutzat dute hainbatek. Hasi eta hiru astera hondeamakinak sartu nahi dituzte, obra salbatzeko modurik ikusten ez dutela eta.

Erraz konpontzekoak. Baskoniaren lehen sei norgehiagoka ofizialen laginak ez du justifikatzen atarian aipatu etsipena. Hutsune agerikoak antzeman zaizkie gasteiztarrei, baina inola ere ez konponezinak. Blokeo zuzenaren zaintzarekin ezin asmatu dabiltza jokalari gehienak, baina goi mailako banakako defentsa erakusten ari diren tipo berberak dira, eta entrenamenduetan arintzeko moduko buruko mina behar luke horrek. ACB ligan galdutakoetan bigarren aukera gehitxo oparitu du Baskoniak (Bilbon batik bat), baina horrek ere ez dirudi kezkatzeko modukoa: Euroligako onenetakoa da Baskonia errebotean, eta arlo horretan aintzat hartzeko zenbakiak bermatu izan dituzten pieza atletikoz josita dago taldea. Kanpoaldetik jaurtikita argi mordoxka huts egin du; Nik Stauskas egokitzea lortzen badu, esparruko gorputz pilaketen arazoak ere hobera egin behar luke. Baskoniaren gabezia guztietan kezkagarriena azken txanpak egoki kudeatzeko ezintasuna da —lau lehia estu, lau porrot—. Baina hori ere ez da betirako kondena, zeren elitean denbora gutxi daramaten Luca Vildoza eta Pierria Henry apurka tenple handixeagoa azaltzen hastea ez baita sinetsi ezinezko hipotesia ere.

Koiunturatik estrukturara. Igande gauez Perasovicen kaleratzea eskatu zuten zaleak ez ditu Baskoniaren kaskarkeriak ernegatu. Koiunturari buruzko purrustadetan, estrukturalak diren arazoei buruzko frustrazioak egin die ihes. Kirol zuzendaritzaren azken urteetako ildoa benetan da bitxia, eta klubaren argibideak eskaintzeko tradiziorik ezak erabaki asko ulertezin bilakatzen ditu. ACB ligan, beste inori egokitzen trabarekin ari da Baskonia: 11 fitxa baino ezin ditu inskribatu, eta hamar izango dira kupo moduan ari diren Toko Xenegelia, Ilimane Diop edo Miguel Gonzalezek min hartuz gero. Ez dirudi entrenatzaileari minutuen banaketa zentzudunagoa inork eskatzen dionik. Jokalari garrantzizkoenak modu arriskutsuan zukutzen ari da Perasovic, eta karga hori zertxobait arindu ahal luketen beste batzuk baztertuak ditu. Baskoniak baliabide ugari bideratu izan ditu bekadun programara. Ez dago batere argi haietaz zer espero duen, lehen taldean integratu eta protagonismoa eskura dezaten bide orririk ez da antzematen. Miguel Gonzalezen kasuari so, Baskoniaren bospasei urteko eskaintza jasoko duen hurrengo nerabeak kontratuari uko egin eta gazteekiko planteamendua etengabe aldatzen ez den beste nonbaiten proba egitea du zentzuzkoena.

Ez luke ahaztu behar. Horiek hala, kirol zuzendaritzaren erreflexu falta da azken urteetako Baskoniaren fenomeno deigarriena. Jokalari bat lan saio batean lesionatu, eta hurrengorako fitxaketaren bat prest izan ohi zuen klubaz ari gara. Egun, ordezko hegal-pibotaren gabezia apropos zuzendu gabe urteak eman ditu. Tarteka, Alfredo Salazarrek asmatzen jarraitzen du bere apustuekin, eta eskerrak. Zuzendaritzaren, idazkaritza teknikoaren eta unean uneko entrenatzailearen artean adostutako epe luzerako ildo bateratu eta argirik ez da kanpotik igartzen, eta kantxako txikikeria estrategikoak baino askoz kezkagarriagoak dira hainbat esparrutako definizio falta eta jokamolde kaskagogorrak. Denboraldia bideratzeko moduan da Baskonia, jakina. Baina sekula ez luke ahaztu behar: bulegoetan negoziatutako lizentzia bati esker ari da Euroligan. Azkenaldian ACB ligan pilatu merituengatik balitz, sarri jokatu beharko luke Eurokopan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.