TESTIGANTZA

«Hala eta guztiz ere, gureari eutsi genion»

2014ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Jose Ignacio Sanchez

EHGAMeko kidea

«Garai gogorra izan zen, jazarpen handikoa. Ezin zenuen zeure burua homosexual gisa adierazi, baina, hala ere, elkartzen jarraitzen genuen». Jose Ignacio Sanchez (1946) Begirada ausartak liburua egiteko ideia izan zutenetako bat da, eta, aldi berean, bizipenak kontatzen dituztenetako bat.

«Bi aldiz jazarritako» pertsonez hitz egin du Sanchezek. «Batzuk jazarrita geunden diktadurarena ez zen pentsamendua genuelako, eta, aldi berean, pentsamendu horren barrukoen artean ere ezkutatu behar genuen gure sexu joera». Testuinguru hartan «tentu handiz» ibili behar zutela nabarmendu du Sanchezek. «Hala eta guztiz ere, gureari eutsi genion». Sexualitatea klandestinitatean bizitzeko prozesu hartan, «pasaportea zuenak» Miarritzera joateko aukera zuen.

Indarrean zegoen erregimenak zigortzen zuen sexualitate mota bat deskubritzeko prozesua «tentuz» gertatzen zela azaldu du. «Halako zerbait sentitzen dut, elkarri begiratzen diogu, txoko bat topatzen duzu, norbaitek esaten dizu billar bat dagoela non maritxuak biltzen diren... Maritxuak, noski, garai hartan gay hitza asmatu gabe baitzegoen oraindik!». Inguru horietan begiraden kodeak ezagutzeko parada zegoela azaldu du.

Sexualitatea deskubritzean erreferentzia falta izaten zela zehaztu du Sanchezek, eta, horrenbestez, nork bere bidea hartzen zuela. «Gaur egun orientabideak emango dizkizuten hainbat leku daude, baina orduan...». Hutsune hori betetzeko kuadrilla egoten zela oroitarazi du. «Behin zer sentitzen genuen aitortuta, ezizenen txanda heltzen zen lagunen artean; ez genuen besteei buruz hitz egiten haien izenak erabiliz, ezizena baizik». Eremu horretan hitz egiteko askatasun handiagoa zutela esan du, eta handik lehen borroka mugimenduak sortzen hasi ziren.

Mugimenduak egonkortzen hasi zirenean «nahaste handia» izan zela azaldu du Sanchezek. «EHGAMen sorrera manifestua irakurri nuen, non eta frantziskotarren areto batean; babestu gintuzten. Ordea, unibertsitateko soziologia irakasle batekin hitz egitera joan nintzenean, hau bota zidan: 'Gure herriak behar duen azkena marikoiak askatzea da'».

Sanchezek azaldu du gizon homosexualen jazarpena handia izan zela baina emakumezko lesbianen gainekoa are gogorragoa izan zela. «Baztertuta geunden, baina gizonezkoak izaten jarraitzen genuen; ezkondutako lesbianen kopurua gizonezkoena baino askoz handiagoa da. Erabat zapalduta zeuden alor guztietan, are isilaraziagoak. Gizonok izorratuta egon ginen, baina emakumezkoak, askoz ere izorratuago».

Liburuaren egitasmoak aurrera egingo du, pertsona asko geratu baitira kanpoan. Sanchezek azaldu du hainbatek ez dutela beren istorioaren berri eman nahi izan, baina lekukotza horiek gordetzeko nahia berretsi du, inon argitaratuko ez diren arren. Norbanakoen istorio horiek guztiek isilarazitako iragan bat marrazten dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.