Futbola. Europako Ligako finalaren ondorena

Ez dute fedea galdu nahi

Europako Ligako finala galdu arren, Athletici harrera beroa egin diote Lezaman ehunka zale zuri-gorrikEgitekoa zuten entrenamendua bertan behera utzi dute bidaia luzearen ostean

Amorebieta, Llorente, Aurtenetxe, De Marcos eta Gabilondo, atzo, Athleticeko jokalariak Loiura iritsi zirenean, hegazkinetik jaisten. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Lezama
2012ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Oso partida kaskarra jokatu zuen Athleticek herenegun, Bukaresteko final handian. Jokalariek ez zioten eutsi denboraldi osoan emandako mailari. Bizkaian sortutako itxaropenak dardara batean utzi zituen futbolari zuri-gorrien hankak. Hala eta guztiz ere, erabatekoa da Atheticeko zaleek taldearekin duten fedea, eta harrera beroa egin zieten jokalariei atzo arratsaldean Lezaman.

Aurrez finkatutako planaren arabera, Loiuko aierportuan lurreratu bezain laster Athleticen kirolgunera jo behar zuen taldeak, 18:00 aldera ikusleei irekitako entrenamendu bat egiteko. Haatik, egun osoan Bukaresteko aireportuaren funtzionamendua guztiz kaotikoa izan zen, eta atzerapenez heldu ziren Loiura finalera joandako zale zuri-gorriak bueltan zekartzaten hegaldi gehienak. Athleticen hegazkina ez zen salbuespena izan. Azkenean, antolatuta zeukaten entrenamendua ere bertan behera geratu zen. Autobusa Lezamara heldu baino minutu batzuk lehenago baieztatu zuen klubak, twitter bidez, ez zela lan saiorik egongo, eta jokalariek ez zutela adierazpenik egingo.

Hala, 19:00etan heldu zen Lezamara talde zuri-gorria aireportutik eraman zuen autobusa. Zaleen artean urduritasuna nagusitu zen, eta aparkalekurako bidean ziren jokalariak erruz txalotu zituzten. «Athletic beti zurekin» oihukatzen hasi ziren bertan bildu ziren ehunka pertsonak, taldeari baldintzarik gabeko babesa eskainiz. Autobusetik jaistean, jokalariek keinu nekatu eta tristearekin agurtu zituzten jarraitzaileak. Hurrena, aldageletara sartu ziren. Motxilak hartu eta euren autoetara igo ziren zuzenean.

Une horretan bertan beste autobus bat heldu zen Lezamara; Athleticeko zuzendaritzako kideak zekartzana, alegia. Josu Urrutia presidenteak zaleen animoak jaso zituen bulegora sartu aurretik. Orduan hasi zen jokalarien prozesioa, banan-banan utzi baitzuten kirolgunea, zaleek osatutako korridorea atzean utzita. Carlos Gurpegi izan zen irteten lehena, eta haren atzetik utzi zuten Lezamako kiroldegia Markel Susaetak, Gorka Iraizozek eta Javi Martinezek.

Esperantzara kondenatuta

Abestiak esaten duen legez, garaipenik eta galtzekorik gabe sentitu ziren atzo Athleticen jarraitzaile gehienak. Bi finalen artean, Atletico Madrilen aurkakoak ematen zuen, hasiera batean, irabazteko errazena, baina Athleticek jipoia hartu zuen azkenean Bukaresten.

Beste guraso askoren moduan, haurra sorbaldan hartuta egin zion harrera Athetici Iñigo Arza basauritarrak. Herrian ipini zuten karpan ikusi zuen finala. «Triste» bukatu zuen partida. «Ez ziguten aukera handirik eman; jokalariak urduri jarri ziren. Zer egingo diogu». Haren ustez, «finaletara iristea» da garrantzitsuena. Bartzelonaren aurkako finala irabaztea «oso zail» ikusten du. Hala ere, ez du itxaropenik galdu. «Berez, beste finala baino zailagoa da. Baina, beharbada, ezustekoa emango digu. Atletico Madrilen aurkakoa irabaziko genuela uste genuen, eta hurrengoan, guk dugunez biktima kutsua, irabaz dezakegu».

Ander Etxeberria getxoztarra eta Naiara Escobar basauritarra, ostera, San Mamesen izan ziren asteazken iluntzean. Etxeberriak azaldu zuenez, Atletico Madrilek lehen gola sartu orduko apaldu zen giroa. «Hala ere, une horretan oraindik itxaropena genuen, baloia guk genuelako. Bigarren golarekin jada ez zegoen zereginik. Ezinezkoa zen pozik egotea. Animatzen jarraitu genuen, baina gogo handirik gabe».

Escobarrek, berriz, Athleticeko jokalariek erakutsitako urduritasuna nabarmendu zuen atzo. «Hasiera-hasieratik horrela ibili ziren, eta horrela gaitza da ezer egitea. Lehen golak min handia egin zien». Etxeberriak esan zuenez, «zorte handia» izan zuen Falcaok gol horretan. «Aurtenetxek irrist egin zuen, baita Amorebietak ere». Haren irudiko, denboraldi osoan egindako joko alaia alde batera utzi zuten zuri-gorriek Europa Ligako finalean. «Huts egin behar ez den momentuan huts egin dute».

Kopako finalaren inguruan, zale gehienen iritzi berbera zuen Etxeberriak: «Pentsatzekoa da hau zela finalik errazena, baina itxaropena da galtzen den azken gauza». Sasoi honetan Bartzelonaren aurka San Mamesen jokatutako partidak baikor izateko aukera ematen duela uste du. «Irabazteko zorian egon ginen. Messik gola sartu behar izan zuen luzapenean, zorte handiz».

Galdu arren, zaleek babesa eman diote taldeari. Fede itsuak bultzatzen ditu athleticeko zaleak, onerako eta txarrerako. Bi aste barru beste aukera bat dute bilbotarrek, eta 28 urtez itxaron ostean, zaleak zain daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.