Txapelaren jabe berriaren bila

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala gaur jokatuko da, 17:00etan, Miribillako Bilbo Arena aretoan

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako zortzi finalistak, Xabier Amurizarekin batera. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2016ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Gaur iluntzen duenerako, txapeldun berria izango du Bizkaiko Bertsolari Txapelketak. Berria: lehiatuko diren zortzietako inor ez da izan orain arte txapeldun ezein finaletan. 17:00etan hasita, Bilboko Miribillako Bilbo Arena aretoa milaka bertsozalez beteko da, Xabier Amurizak txapela nori jarriko dion ikusteko irrikaz. Ateak 15:30ean irekiko dituzte, halere. Sarrerak atzo arte eros zitezkeen Internet bidez; gaur, 14:00etatik aurrera Bilbo Arenako txarteldegietan izango dira eskuragarri.

Apirilean hasi zuten zortzi bertsolariek finalera iristeko ibilbide luzea. Gehienek badute esperientzia Bizkaiko finalean zein antzekoetan, baina ez dute lortu irabaztea. Zortzi finalistek—Beñat Ugartetxea, Etxahun Lekue, Ibon Ajuriagojeaskoa, Jone Uria, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitiak— beste 48 parte hartzaile gainditu behar izan dituzte arratsaldean Miribillan egoteko.

Finala berezia izango da, ez bakarrik gehienak oso gazteak direlako —ez da inor 40 urtera iristen—. Xabier Amurizak aurten bertsolaritza uztea erabaki du, eta haren ibilbidea aitortzeko egokitu zaio irabazleari txapela jartzea. Amurizak esana du bere bertso ibilbidearen amaiera «biribila» izango dela txapeldun berriari txapela janztea. Hain zuzen, haren alaba Miren izango da txapela janzteko hautagaietako bat.

Gaur, hasteko, zortziko nagusian, zortziko txikian, hamarreko txikian eta bakarkako lanean arituko dira, puntua emanda zein gaia emanda. Puntu gehien lortzen duten bi bertsolariak igaroko dira bigarren atalera. Ondoren, zortziko txikian, seiko motzean eta kartzelako lanean arituko dira bi finalistak. Lehenengo eta bigarren ataletako puntuazioak batuta puntu gehien lortzen duenari jarriko dio txapela Amurizak. Amaitutakoan, agerraldia egingo dute zortzi finalistek.

Emakume txapeldunik ez

Antolakuntzari dagokionez, Amaia Ugalde eta Maite Berriozabal izango dira gai-jartzaileak gaur. Epaileak, berriz, Ander Txakartegi, Joseba Santxo, Jurgi Fuentes, Leire Etxebarria, Mirari Azula eta Miriam Juaristi izango dira.

Bi urtetik behin jokatzen da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa; azkenekoan, 2014ko txapelketan, Fredi Paia izan zen garaile. 21 alditan jokatu da txapelketa 1958an hasi zenetik, eta Igor Elortza bertsolari durangarrak eskuratu du txapel gehien: bost alditan irabazi du —1998an, 2000n, 2002an, 2004an eta 2008an—. Jon Lopategi, berriz, lau alditan izan da txapeldun: 1962an, 1964an, 1966an eta 1987an. Orain arte ez du ezein emakumek irabazi; lau hautagai emakumeak izango dira gaur, duela bi urte bezala, beraz, aukera polita daukate orain arteko joera aldatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.