Altsasuko auzia. Erreakzioak

«Justizia, ez mendekua»

Altsasuko gazteen aldeko manifestazioarekin bat egin dute Nafarroako erakundeek eta eragileek. Alderdien eta sindikatuen iritziz, prozesu osoan ez da bermatu proportzionaltasun printzipioa

Manifestazioa, atzo, Iruñean, Karlos III.aren etorbideko agertokira iritsita. JON URBE / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Azkeneko urteetako manifestaziorik handiena izan zen atzo Iruñeko kaleak bete zituena, 80.000 lagun pasa bildu baitziren. Dozenaka milaka pertsona batu ziren protestara; tartean, ordezkari politiko, sindikal eta sozialak.

Nafarroako lauko gobernua osatzen duten indar politikoen ordezkarien artean, «justizia» eta «proportzionaltasuna» eskatu zuten gehienek. Altsasuko gazteen askatasuna ere exijitu zuten, behin-behineko espetxealdia «zigor neurrigabea eta salbuespenezkoa» dela iritzita.

MARIA SOLANA Nafarroako Gobernuko bozeramailea

«Sistemak proportzionala eta justua izan behar du elkarbizitza eraikitzeko»

Iragan apirilaren 14an egin bezala, Nafarroako Gobernuak bat egin zuen atzoko manifestazioarekin ere. Maria Solana gobernuko bozeramailea han izan zen, auziaren «justizia eta proportzionaltasuna» eskatzeko. «Nafarroako Gobernuaren ardura da hemen egotea eta aldarrikapenhonekin bat egitea, sinetsita baikaude justizia sistemak justua eta proportzionala izan behar duela. Bi ezaugarri horiek ezinbestekoak dira elkarbizitza baketsu bat eraikitze aldera».

Era berean, gaineratu du Nafarroako Gobernuak auzia «modu justuan» epaitzeko eskatu zuela «hasieratik». «Aurrekoan bezala, proportzionaltasuna eskatzera etorri nahi izan dugu manifestazio honetara, besteak beste justizia aldarrikatuko baita, eta Nafarroako Gobernuak bat egiten du leloarekin».

JAVIER OLLO Altsasuko alkatea

«Gazteak atxilotzera etorri ziren, zitazio bat nahikoa izan arren»

Epaiak terrorismo delitua baztertu arren, zigorrak «neurrigabeak» direla salatu zuen atzo Altsasuko alkate Javier Ollok. «Beste behin gogorarazi behar dugu ez dugula inpunitaterik eskatzen, justizia baizik. Espero dezagun Iruñean hirugarren manifestazio bat antolatu behar ez izatea, eta prozesu judizial honetan urak beren bidera itzultzea».

Altsasun guardia zibilak eginiko atxiloketak «neurriz kanpokoak eta behargabekoak» izan zirela uste du Ollo alkateak: «Formei dagokionez, gehiegikeriaz jokatu zuen Guardia Zibilak. Zitazio judizial batekin konpontzeko moduko tramitea zen, eta ez zegoen gazteak atxilotzeko beharrik. Prozesu honetan guztian nagusi izan den proportzionaltasunik ezaren isla izan ziren atxiloketa horiek ere».

UNAI UHALDE Geroa Bai

«Espainiak badu garaia salbuespenezko sistema judiziala eraisteko»

Prozesu osoan antzemandako «justiziarik eta proportzionaltasunik eza» salatu zuen Geroa Baiko parlamentari eta Nafarroako Parlamentuko lehendakariorde Unai Uhaldek, atzoko manifestazioa hasi aurretik. Are: auzi osoa «ankerkeria judiziala» izan dela azpimarratu zuen: «Hamahiru urte arteko kartzela zigorrak ezarri dizkiete Altsasuko gazteei, beste edonon isun bat mereziko luketen gertakariengatik». Espainiako Gobernu berriari ere deia egin zion Napar Buru Batzarreko buruzagiak, «salbuespen egoeran oinarritutako sistema judiziala eraitsi eta gutxieneko berme demokratikoak ezar ditzan».

ADOLFO ARAIZ EH Bildu

«Elkartasun hau da mendekuaren aurkako adierazpenik handiena»

EH Bilduko parlamentariaren aburuz, «eredugarria» izan da herritarrek Altsasuko gazteei agertutako babesa. «Herritarrek elkartasun erakustaldi erraldoia egin dute Iruñean, eta elkartasun hori da mendekuaren aurka egin daitekeen adierazpenik handiena. Tamalez, elkartasun hori erakusten eta kalera ateratzen segitu beharko dugu aurrerantzean ere, bidegabekeria judizialek ez baitute etenik».

Prozesu osoa «onartezina» izan dela adierazi arren, fiskaltzak eginiko azken zigor eskaerak gogor salatu zituen Araizek atzo: «Hamahiru urteko kartzela zigorra gutxi balitz bezala, terrorismo delitu izaerari eusteko eskatu du Fiskaltzak orain; hori erokeria hutsa da, eta mendeku goseari erantzuten dio soil-soilik».

EDUARDO SANTOS Ahal Dugu

«Espainiako Justiziaren jarrera gehiegizkoa eta arbitrarioa izaten ari da»

Espainiako Justiziaren jarrera «gehiegizkoa eta arbitrarioa» dela salatu zuen Eduardo Santosek. «Lehenik eta behin, terrorismo delituekin lotutako inputazioa egin zen, eta horrek ondorio neurrigabeak izan zituen; besteak beste, auzia Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu izana». Santosen ustez, auzitegi hori «ez da gai» Altsasuko istiluak epaitzeko. Bestalde, behin-behineko espetxealdiak «auzipetuen eskubideen urratzea» ekarri duela gogoratu zuen; eta azkenik, epaia «irregulartasunez betea» dagoela azpimarratu zuen.

Auzia «bere neurrian» epaitzeko galdea egin zuen Ahal Dugu-ko buruak: «Guk ez dugu inpunitaterik edo zuritzerik eskatzen. Eraso bat gertatu zen Altsasun, eta hori epaitu beharra dago, baina epaiketa justu eta proportzionala eskatzen dugu, auzipetuen eskubideak urratzen dituzten ezohiko neurririk gabe».

MARISA DE SIMON Ezkerra

«Gazteak badaezpadako atxiloaldian mantentzea basakeria da»

Gertatzen ari dena «erabat neurrigabekoa» dela uste du Marisa de Simon Ezkerrako parlamentariak: bai badaezpadako atxiloaldia, bai gazteei terrorismoa egoztea, eta bai kartzela zigor handiak ere. «Gertatutakoari terrorismo delitu izaera eman ziotenetik eta Auzitegi Nazionalera eraman zutenetik, sorgin gurpil baten barruan sartuta gaude, atzerakorik gabe», esan zuen. «Gazte hauek badaezpadako atxiloaldian mantentzea basakeria da». Zigor kodearen «salbuespen neurriak» bertan behera uzteko galdegin zuen, eta esperantza agertu zuen Altsasuko gazteen familiek aurkeztuko duten helegitearekin.

Hala ere, gazteek «zigor bat merezi dutela» uste du De Simonek: «Arrazoizko zigor bat eskatzen dugu, uste baitugu delitu guztiek zigorra merezi dutela, baina aintzat hartu behar dugu gazte hauek bi urte daramatzatela kartzelan, behar zuten denboran baino gehiagoan, edonola ere».

ADOLFO MUÑOZ ELA

«Botere judiziala garbitu beharra dago; bestela, ez dago demokraziarik»

«Justizia eta askatasuna». Horixe eskatu zuen Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, atzo. «Justizia, kasu honetan, kartzelan dagoen jendea aske uztea da». Halaber, «oso kezkaturik» agertu zen Espainia giza eskubideak «bertan behera» uzten ari dela iritzita.

PP Espainiako Gobernutik alde egin ostean ere, «bidegabekeriak aurrera segitzen duela» nabarmendu zuen: «PPk lan bikaina egin du botere judizialean, gauzak nahieran maneiatu ahal izateko, eta hori guztia desmuntatu beharra dugu. Ez badugu egitura hori desegiten, Espainiako Estatuan ez da inoiz demokraziarik egonen». Espainiako egitura judizialen «garbiketa» gauzatu bitartean, mobilizazioak «ezinbestekoak» izanen direla gaineratu zuen Muñozek.

IGOR ARROYO LAB

«Herritarrak horrela tratatzen dituen estatu bat ez da demokratikoa»

Eskaera bikoitza egin zuen LAB sindikatuko idazkari nagusiaren alboko Igor Arroyok atzo: justizia eta demokrazia. «Justizia eskatu nahi dugu gazte auzipetuentzat, Altsasuko herriarentzat eta Euskal Herri osoarentzat. Baina horrekin lotuta, demokrazia ere eskatu behar dugu. Oinarri-oinarrizko eskaera dirudi, baina, gaur egun, hori aldarrikatzera behartuta ikusten dugu geure burua». Arroyoren irudiko, Altsasuko gazteek jasotako tratuak agerian utzi du «Espainia ez dela estatu demokratiko bat».

Horregatik, beharrezko jo zuen «demokraziaren aldeko herri harresi bat sortzea», Altsasuko auziaren gisako «bidegabekeriei aurre egiteko eta demokrazia exijitzeko».

JOSEBA ASIRON Iruñeko alkatea

«Festa giroko borrokaldi bati terrorismo izaera ematea bidegabea da»

EH Bilduko beste zenbait udal hautetsirekin batera azaldu zen Joseba Asiron atzoko manifestaziora. «Hemen egon beharra dugu, kalera ateratzeko momentua delako», esan zuen, manifestazioarekin bat egiteko motiboez galdetuta: «Altsasun egiten ari diren burugabekeria, finean, gu guztion aurkakoa da, eta guztioi dagokigu salatzea».

Goizaldeko ordu txikietan, festa giroan, piztutako borrokaldi bati terrorismo izaera ematea «ilogikoa eta bidegabea» dela berretsi zuen Asironek: «Tamalez, Espainiako Justiziaren ezaugarrietako bat da hori, eta, horrexegatik, gero eta handiagoa da justizia sistemaren eta herritarren arteko arrakala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.