Urrutira joan gabe

Aste Santuko oporretan kanpora joateko joera dute askok, baina Euskal Herrian gelditzen direnek ere izango dute zer eginik. Askorik aldendu gabe, Baiona, Sara, Pasaia, Moreda eta Luzaide herriak bisita daitezke, besteak beste.

JOSEAN GIL-GARCIA.
Ihintza Elustondo
2016ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Baiona Ttipitik handira

Baionan produktu ezaguna da urdaiazpikoa, eta horren harira, Xingarraren Festa egiten dute urtero Aste Santuan, ostegunetik igandera. Lau egun horietan, gastronomiaz gozatzeko aukeraz gain, musika emanaldiak eta lehiaketak ere izango dira. Aitzakia horrekin Baionara joaten denak, gainera, gune bat baino gehiago bisitatu ahal izango ditu.

Errobi ibaiak bitan banatzen du hiria: Baiona Handia deitzen zaio zati bati, eta Baiona Ttipia besteari. Baiona Handia hiriaren jatorrizko sorlekua da, eta han daude hiriko saltoki nagusiak. Baiona Ttipia, berriz, gune herrikoiagoa da, eta hango etxeak ere usadiozkoak dira. Han dago 1922tik zabalik dagoen Euskal Museoa ere.

Ospe handia du Baionako alde zaharrak. Besteak beste, han dago Andre Maria katedral gotikoa. Eraikin historikoak atsegin dituenarentzat, gomendagarriak dira Lapurdiko bizkondeek XI. mendean eraikitako Gaztelu Zaharra, eta ingelesek XIII. mendean eraikitako Gaztelu Berria.

Gozozaleentzat ere leku aproposa da Baiona, hango berezitasun nagusia txokolatea baita. San Izpiritu auzoaren kanpoaldean txokolatearen tailer bat ere badago.

Kostaldeko hiria izanik, itsasertzean paseo bat ematea erakargarria izan daiteke lasaitasun bila dabilenarentzat.

Sara Naturaren sekretuak

Idazleen 33. biltzarra egingo dute astelehenean Saran (Lapurdi). Euskal Herriko idazleak elkartuko dira herrian egun batez, baina, horrez gain, plan gehiago ere egin daitezke han.

Euskal Herriko gune bisitatuenetakoak dira Sarako kobazuloak. Ordubete inguru irauten duten bisita gidatuak egiteko aukera dago, eta hiru gai lantzen dituzte, batez ere: leize lehor baten geologia atipikoa, historiaurrean bizitokia izan zela eta, Joxemiel Barandiaranen lanetan oinarrituta, Euskal Herriaren jatorria eta mitologia. Haitzuloen kanpoaldean, museo bat eta parke megalitikoa bisitatu daitezke.

Bestalde, gozamena izan daiteke herrian nora ezean paseoan ibiltzea, etxeek badutelako halako xarma bat, kolore nahiz egitura aldetik. Santa Katalina ermitaren ingurukoak dira herriko etxerik zaharrenak. Pilotalekua ere berezia da herrian, duen luzeragatik.

Natura atsegin dutenek, berriz, gertu dute Larhun mendia. Tren ttipia hartuta, tontorrera igotzeko aukera dago, eta, bide batez, paisaiaz gozatzekoa. Gainera, animalia ugari ibiltzen da inguruan.

Pasaia Itsasoari lotuta

Pasaiako Mater museoak egitarau berezia prestatu du Aste Santurako: hainbat ekintza antolatu dituzte, bihartik etzira. Itsasoarekin estuki lotuta dago gunea, eta horrekin zerikusi zuzena dute egunotan egingo dituzten ekintzek: inguruak ezagutzeko ibilaldiak izango dira oinez nahiz itsasontziz, antxoen artisau kontserba-tailerra ere bai, itsasontziko korapiloen tailerra...

Leku polita da Pasaia, itsasoa maite duenarentzat. Arrantzaleen herria izanda, badu zerbait berezi portu inguruko mugimenduak. Gainera, hango etxe asko kolore bizikoak dira. Hori gertutik ikusteko, Pasai Donibane eta Pasai San Pedro bisitatzeko aukera dago txalupaz, urte osoan. Hala, Pasaiako portuaren funtzionamendua barrutik ezagut daiteke, eta, era berean, Ulia eta Jaizkibel mendietako paisaiaz gozatu. Donostiatik abiatuta, Ulia mendia igo eta Pasaiara oinez joateko aukera ere badago.

Bestalde, Albaola itsas museoa sona hartzen ari da azken boladan, han eraikitzen ari diren San Juan itsasontziaren harira. 1563an Pasaian eraiki zuten jatorrizko baleontzia, Euskal Herritik Ternuara (Kanada) joateko, eta hura bezalako beste bat egiten ari dira orain museoan. Aste Santuan zabalik egongo da museoa hura bisitatu nahi dutenentzat.

Horrez gain, bizikletak aloka daitezke herrian, paintball egiteko aukera dago, baita piraguaz ibiltzekoa ere... Lasaitasuna nahi dutenez gain, leku aproposa da Pasaia abenturazaleentzat ere.

Pasaiatik gertu dago Aiako Harria, haritz eta pagoz beteriko natura parkea. Mendizaleentzat, ibilbide ugari daude han inguruan.

Moreda Oliba eta mahatsa

Oliba Olioaren V. Azoka egingo dute igandean Moredan (Araba). Hango uzta nagusietako bat da oliba, eta inguruko olioaren mundua ezagutzeko aukera izango da festa horretan. Produktua aurkeztuko dute, eta hura dastatzeko modua izango dute bisitariek.

Arabako Errioxako ekialdean dagoen udalerria da Moreda, Nafarroako mugan. 278 biztanle ditu, eta haietako gehienak nekazaritzatik bizi dira. Bi ibairen arteko aldaparen gainean eraikita dago herria, eta zereal, mahasti eta olibondoz landatutako zelaiz inguratuta dago. Inguruak egokiak dira bizikletaz edo oinez paseo bat ematea atsegin duenarentzat.

Arabako Errioxako herria izanik, ardoa da bertako berezitasun nagusia. Fernandez de Pierola eta San Prudencio upategiak daude han, bisitatu nahi izanez gero. Gainera, inguruetan ardoaren ibilbidea egin daiteke urteko sasoi guztietan, produktuaren munduko esperientzia bitxiez gozatzeko.

Gastronomiaz gain, bada bestelako aukerarik herrian. XV. mendean Moreda inguratu zuen harresia ikus daiteke oraindik, eta baita 1667ko harrizko zubi bat ere. Arkitektura atsegin dutenentzat, berriz, antzinako eraikin ugari daude. Besteak beste, ezaguna da Andre Maria eliza. Haren barnean, hormetako margolanek eta eliz oholtza barrokoak pizten dute arreta.

Moredatik 25 kilometrora dago Eltziego herria, eta han Frank Gehry arkitekto kanadarrak diseinatutako Marques de Riscal upategia dago. Ikusgarria da diseinu aldetik, eta bisita gidatuak egiten dituzte.

Luzaide Koloreak airean

Nafarroako herrixka txikia da Luzaide, baina ohi baino jende gehiago ibiltzen da han egunotan. Bolant Eguna izango dute igandean, eta Nafarroako antzinako dantzak egingo dituzte, airea kolorez beteko dutelarik. Goizean, herriko plazan egingo dute emanaldia, eta, arratsaldean, frontoian.

Pirinioen magalean dago herria, mendi altuz inguratuta. Erdi Aroaz geroztik, erromes ugarik gurutzatu dute, Donejakue bidea pasatzen delako handik. Donibane Garazitik etorri ohi dira ibiltariak, eta IbaƱeta mendia igotzen dute Luzaidera iritsi ahal izateko. 1.057 metroko altuera du tontorrak, eta ezaguna da duen historiagatik. Orreagako gudua inguru haietan gertatu zen, eta han garaitu zuten euskal herritarrek Karlomagno, 778.urtean. Gudu hari erreferentzia egiten dioten ermita bat eta oroitarri bat daude mendi gailurrean.

Luzaidetik gertu dago Orreaga. Esanahi historiko handiko herria da Euskal Herrian, baina, horrez gain, bestelako planak egiteko aukera ere badago han. 30 biztanle inguruko herria da, eta, beraz, oso leku lasaia. Seinalatutako paseo bat baino gehiago egin daitezke herritik abiatuta, basoan barrena murgilduz. Idiazabal gazta erosteko aukera ere badago, eta inguruan gazta egiten duten guneak bisitatu daitezke.

Ez daude urrun Orbaizeta eta Otsagabia herriak. Bi leku horietatik sar daiteke Iratiko oihanera; Europako pagadi-izeidi handienen artean bigarrena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.