mikel p ansa
Etxe kaleratzeak. Neurriak. Analisia

Etika lezioak

2012ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Martxoan izan zen. Espainiako Gobernuak «praktika egokien kode» bat onartu zuen, eta banku eta kutxa ia denek onartu. Hurrengo hiru hilabeteetan ikusi zen «praktika egokien kodearen» indarra: Araban, 41 hipoteka exekutatzeko eskatu zuten; Gipuzkoan, 82; Bizkaian, 170; Nafarroan, 232.

Kode hura ezartzeko eskatzeko, hipotekatuek bete behar zituzten baldintzak ia ezinezkoak ziren: familiako kide guztiak langabezian egotea, hipotekak kopuru bat ez gainditzea —esaterako, 100.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan, 120.000 euroz azpiko hipotekak izatea—... Orain PP eta PSOE adostekoak diren akordioan horregatik da inportantea baldintzak ondo zehaztea. Hipoteka ordaindu ezin dutenei hipoteka negoziatzeko, barkatzeko, etxea bermatzeko... zein baldintza jarriko dizkiete?

Jaurlaritzak beste datu bat eman zuen Amaia Egañak bere buruaz beste egin zuen egun berean: hipotekak pagatu ezin dituztenentzako bitartekaritza zerbitzuak 126 kasu jaso eta 21 konpondu ditu maiatzetik; hamabost kasutan, bankuek ez zuten negoziatu.

Bankuek orain esan dute hipoteken exekuzioak bertan behera utziko dituztela. Argitu nahi izan dute Amaia Egañaren heriotzaren aurretik hartua zutela erabakia; ostegunean. Bai. Horregatik uko egin izan diote negoziatzeari —atzo, Zizur Nagusian—, eta horregatik izan du arrakasta nabarmena «praktika egokien kodeak». PPk esana du bankuek bere kasa onartzea nahi duela neurriok. Ez da ba kontrara izango: PPk onartu nahi dituela bankuek, honetan ere, ezarri nahi dituzten neurriak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.