Angel Aldarondo.
Zinema. Zin-Zinez

Bai, ETA zer

2014ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
La casa de mi padre filmean Mikel Erentxun eta Amaia Monteroren ahotsak inposatu egin zizkiotela esan zuen Gorka Mertxan zinemagileak. Zinemagilea bera filmean ETAko preso gisa agertzea, eta beste erabaki irrigarri, chanante eta otzan batzuk hartzea nahikoa zen aurreiritziak kimatzen hasteko, eta gatazkaren filmei nazka izateko.

Aitor eta Amaia Merinoren Asier ETA biok dokumentalaren inguruan ez nuen aurreiritzirik. Alferkeria soilik. Filma ikusteko baino gehiago, besteen iritziak jakiteko, nire burmuinekoak barne, noski. Merinok, videoblogger baten erara, berea kontatu digu. Bere burua astakirten baten moduan agertu nahi izan du, eta dibertigarri izan nahi zuten uneak oso haserregarri izan daitezke.

Eta pozten nau hala izateak. Bere burua grabatu eta busti izanak, gaurko baliabide eskuragarriei bizkar emanda, artifizio teknikorik gabe, reflex kameraren itxuraldatzeak erabili barik. Bestela, filma ez zen existituko. Eta itsusia ikusten da. Bai, eta zer.

Dokumentu berria da, baina askok munstroak justifikatzeko tresna gisa ulertuko dute, Der Untergang edo Happiness filmekin gertatu legez: bat Hitlerrekin eta bestea pederastekin. Baina besteen arrazoiak —nahiz eta arerioak izan— ulertzen saiatu ez izana, aurreiritzi eta gorrotoaren bunkerrean bizitzea, hori da irudika dezakeen munstro handiena.

Nahiz eta umore labaingarria erabili, Merino ez dabil hutsalkerian, ez beste edozein txiolari baino gehiago. Baina ez da inuzentea, inperfektua baizik, munduaren neurrian. Existitzeagatik bakarrik, dokumentalaren porrota haren garaipen handiena da. Sinplistegia askorentzat, Merinok bere target-a argi zuen: dummie madrildarrak. Bai, berriz ere, euskaldun bat etxetik kanpo bere burua justifikatzen.

Ni ere bizitzaren dummie bat sentitzen naiz, arlo askotan ergela eta neofitoa —ez da kasua merinotarren filmaren kontakizunekin—, baina nire ustez orain beharrezkoak dira erretratu txiki, xume, pertsonal eta zintzoak, eliteko kazetarien errelatoak baino gehiago. Nire zutabeak ere dummie-entzat idatziak dira. Bai, eta zer.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.