Albistea entzun

Makiletan, sustraiak

Nafarroako hegoaldeko herrietan ohikoak dira makil dantzak, antzerkia eta dantza uztartzen dituzten erritualak. Herri gehietan XIX. mendean galdu baziren ere, orain askok berreskuratu egin dituzte.
Erriberako makil dantzen artean, Corteskoa izan zen emakumeak onartzen lehenbizikoa.
Erriberako makil dantzen artean, Corteskoa izan zen emakumeak onartzen lehenbizikoa. BERRIA

Iker Tubia -

2013ko abuztuak 27

Ona eta gaiztoa. Txikitatik ikasi ohi du gizakiak bata eta bestea bereizten. Banaketa sinple horren bidez ulertu ohi dira munduko arazorik sakonenak ere. Ongiak eta Gaizkiak borrokan dihardute etengabe, eta borroka horren irudia dira Nafarroako Erriberan egiten diren makil dantzak. Ebro ibarrean antzerkia eta dantza uztartzen dituen tradizioak alaitzen ditu herrietako bestak: paloteado edo dancea deitzen diote han. Geroz eta herri gehiagotan, XIX. mendean bezala ia. Cortes, Tutera, Ribaforada, Fustiñana, Murchante eta Ablitasen urtero ateratzen dira makil dantzariak plazara; Monteagudon hiru urte dira emanaldia bertan behera utzi zutela. Halaxe egiten dute artzainek, nagusiek, deabruek eta aingeruek ere, makil dantzetako ezinbesteko pertsonaiek. Heldu den urtean beste herri bat gehituko da makil dantzen zerrendara: Cabanillas.

Kultura erlijiosoa eta paganoa uztartzen dira Erriberako ospakizunetan, santuaren aldeko mezuak eta herritarren miseriak; gurtza eta jolasa. Nahasketa hori guzia da makil dantza. Bi osagai ditu: antzerkia eta dantza. Pertsonaia nagusiak hitzez arduratzen dira, eta oinak astintzea dantzarien kontu geratzen da. Urtero istorio bera errepikatzen da: deabrua herrian agertzen da, bestak izorratzeko asmoz. Artzainak deabrua ikusten du, eta nagusiarengana joaten da gaizkilea han dela ohartarazteko. Bukaeran aingeruak deabrua hiltzen du, eta, urtero bezala, Ongiak Gaizkia gainditzen du. Testu hori idatzita dago, eta ez da aldatzen urtetik urtera. Baina istorio horren erdian, bestelako bertsoak ere botatzen dituzte pertsonaiek, urtean herrian gertaturikoak gogoratuz, kontu barregarriez trufatuz edota salaketa soziopolitikoa eginez.

Antzerkiarekin deus ikustekorik dute dantzek. Ekitaldi osoari izena ematen dioten makilekin egiten dira dantza nagusiak, baina badira bestelakoak, zinta dantza kasurako. Bestalde, arkuekin egindako dantzak, baita giza dorreak ere ikus litezke Erriberako herri batzuetan. Arraroagoak dira ezpata dantzak, baina aurki litezke. Pertsonaia gehiago ere badira toki batzuetan. Adibidez, Tuteran ohiko aktoreez gainera, hiru lagun igotzen dira taula gainera: Taranbana bufoia; alkatea, botere zibilaren irudi, eta Pepa, herritarren hitza lau haizeetara zabaltzen duen pertsonaia.

Erriberako makil dantzek eskema orokor bati jarraitzen diote normalean. Segizioa plazan sartu, eta gazteek dantza egiten dute lehenbizi; ondotik, herriko santuari agurra egin, eta nagusiak haren omenezko diskurtsoa eginez. Artzaina agertzen da gero. Normalean, petardo hotsekin batera deabrua ailegatzen da, eta bera bakarrik aritzen da solasean, plazan bildu direnen begiradapean. Horren ostean, aingerua agertzen da plazan, eta Ongiaren eta Gaizkiaren arteko borroka antzezten dute. Artzainak eta nagusiak artean solasaldia dute gero, eta orduan dantzarien txanda dator. Dantzen artean, artzainaren mintzaldia eta nagusiaren agurra izaten dira.

Aspaldikoa da Erriberako makil dantzen tradizioa. Ez soilik Nafarroan, Ebro ibaiaren isuriari jarraiki antzeko emanaldiak aurki daitezke. Hala, Queiles, Alhama eta Huecha ibaien ertzean ere egiten dira makil dantzak. Jose Maria Jimeno Juriok zaku berean sartu zituen Erriberako, Zaragozako (Espainia) eta Kataluniako makil dantzak. Zabalkunde handi hori gorabehera, XIX. mendearen hondarrean Nafarroako hegoaldean egiten ziren makil dantza gehienak desagertu egin ziren. Garai haietan ohikoak ziren dantza eta antzerkia uztartzen zituzten emanaldiak Cortes, Buñuel, Ribaforada, Fustiñana, Cabanillas, Monteagudo, Cascante, Murchante, Ablitas, Corella eta Cintruenigo herrietan.

Cortesen mantendu zen

Herri horietatik guztietatik, bakar batean gorde zuten ohitura: Cortesen. 36ko gerrak baizik ez zuen eten, 1950eko hamarkadara arte. Bertakoa da makil dantza entzutetsuena, seguruenik tradizioarekin jarraitu zutelako. Herritarrek ere asko maite dute, eta, era berean, «oso zorrotzak» dira ikuskizunarekin. Halaxe azaldu du Maria Alcaldek, Cortesko dantzarien arduradunak. Haren esanetan, Cortesko makil dantza seriotasun handiz prestatzen eta egiten dute; irailaren 29an egiten dute emanaldia. Dioenez, herri batzuetan irakurri egiten dituzte bertsoak, dantzen artean edan egiten dute, edota deabrua motor baten gainean jartzeko ez dute arazorik. Cortesen ez da horrelakorik gertatzen. «Bai, herritarrei zuzendutako bertso barregarriak egiten dituzte, baina serioa da, eta oso plaza zorrotza dugu: dantzariak ezin dira okertu, eta pertsonaiek ere akats bat edo bi egin ditzakete, hiru gehienez, baina laugarrenean ez dizute irririk eginen», dio.

Tradizioa mantendu zuen bakarra da Cortes, eta tradizioan emakumeei bide ematen ere aitzindari izan zen. Alcaldek esan duenez, mutil faltak igo zituen herriko emakumeak lehenbizikoz taularen gainera. Lau emakume eta lau gizon dantzatu ziren tradizioa gal ez zedin. Gerora, emakume gehiago sartu ziren taldean, eta gaur egun zortzina emakume eta gizon igotzen dira Cortesko plazako agertoki gainera. Aurten, gainera, pertsonaia nagusietako bat ere emakumea izanen da: nagusia. Pertsonaien rola gizonek jokatu dituzte orain arte, aingeruarena izan ezik, neskatila bat baita. Hala, gutxika emakumeen parte hartzea handituz joan da Erriberako gainontzeko herrietara, tokian-tokian modu batean.

1970eko hamarkadaren hondarrean, galdutako folklorea berreskuratzeko mugimendua bizi-bizi zegoela, Ortzadar taldea Erriberara abiatu zen hango ohiturak berreskuratu nahian. Horrek makil dantzen aldeko mugimendua sortu zuen, eta gaur egun ere bizirik dago. Ribaforadak 1905ean galdutako ohitura taula gainera igo zuen 1975ean, Fustiñanak lau urte geroago atera zuen makil dantza (1901ean galdu zuen), eta Tuterak jarraitu zien 1982an —1978an hasi ziren makil dantza egiten plazan, baina Cortesko dantzak erabiliz—. Ondoren etorri ziren Monteagudo —1989an aurkeztu zuten— eta Ablitas —1996tik aurrera dute dantza—. Hala ere, berreskuratutako makil dantzek ere izan dute etenik: Fustiñanak tradizioa eten zuen 1995. urtean, baina orain berriz ere dantzariek alaitzen dituzten herriko bestak, eta Monteagudon ez da makil dantzarik izan azken hiru urteetan.

Zaharrak berri

70eko eta 90eko urteetan bezala, oraindik ere badira beren ohiturak berreskuratu nahi dituzten herriak. Horren adibide da Cabanillas herria. Tres Montes elkartea herriko makil dantza sortzeko bidean da. Roberto Rodriguez elkarteko kideak azaldu duenez, denbora daramate ohitura birsortu nahian, baina orain arte ez dituzte beharrezko baliabideak izan. Hiru urte dira elkartea sortu zela, eta dantzariak eta gaita jotzaileak zituztenez, makil dantza sortzea erabaki dute. Horretarako, ezinbestekoa izan da Patxi Sierra historialariak Cabanillasko makil dantzari buruz egin duen ikerketa. «Agian ez da zaharrena, baina gure makil dantza da lehenbizikoz dokumentaturik dagoena», azaldu du Rodriguezek.

80ko urteetan Monteagudon gertatu zen bezala, Cabanillasen ez zegoen datu nahikorik makil dantza berreskuratzeko. «Hasieratik argi geneukan berreskurapena Sierraren ikerketan oinarrituko zela, baina ez genuen ez partiturarik, ez musikarik, ez eta urratsik ere», azaldu du. Dena ez zen hain ilun: Sierrak herrian hartutako testigantzei esker, makil dantzetan erabiltzen zuten jantziaren hiru modelo sortu zituen. Bestalde, Javitxu Perez eta Iñigo Castellano tuterarrak arduratuko dira, hurrenez hurren, Cabanillasko makil dantzari melodia eta urratsak jartzeaz. «Ahal den eta fidelen izanen gara», aitortu du Rodriguezek.

Tradizioa zaharra bada ere, XXI. mendean sortutako dantzak ez du emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunik eginen. Hala esan du Rodriguezek. Denak jantziko dira berdin, nahasturik dantzatzeko aukera izan dezaten. Dena den, dantzarako mutilez eskas dabiltzala aitortu du cabanillastarrak. Lan handia dute aurretik, bertsoak ere prestatu beharko dituzte nagusiak, artzainak eta deabruak bota ditzaten. Baina gogor eginen dute lan, heldu den urteko abuztuaren 16an Cabanillasek ere makil dantza izan dezan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Olatu sinkronizatua

Berria

Bi urte barru Europako kultur hiribirua izateko bidean, bosgarren Olatu Talka lehertu da asteburu honetan Donostian, 250etik gora proposamen sinkronizatu eskainita parte hartu nahi duen orori. Sormena, kirola argazkian, Easo igeriketa taldeko kideen atzoko erakustaldia, aldarrikapena eta elkartasuna nahastu dira egitarauan. Donostiatik kanpo ere zabaldu da aurten eskaintza, gainera.

Alarmak piztuta

Berria

Nafarroan, berezko arraza batzuk galzorian

60 urteko gaztea

Berria

Fender Stratocaster gitarra elektrikoa, 1954tik doinuka

Hemen da Olentzero

Berria

Gaur kalez kale eta etxez etxe ibiliko da, haurren begiradapean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...