Ingurumena. Asiako liztorra Euskal Herrian

Erleen borrero, erlezainen amesgaizto

Iparraldean erabat zabalduta dago Asiako liztorra, eta hilabete batzuk daramatza Hegoaldean hedatzen. Erlezainak kezkatuta daude, oso erasokorra baita bertako erleekin. Gogor ari dira lanean liztor horren habiak topatzeko, eta haien aurkako tranpa zehatz bat asmatzeko.

Oso azkar ari da zabaltzen Asiako liztorra Euskal Herrian. GIPUZKOAKO ERLEZAINEN ELKARTEA.
ainara arratibel gascon
2011ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Iparraldera orain urte batzuk iritsi zen. Azken hilabeteetan Nafarroako eta Gipuzkoako erlezainek eman dute abisua: «Asiako liztorra gurean da». Erlezainentzat benetako amesgaizto bihurtu da 30 milimetro eskaseko intsektu hori. Denbora gutxian erle kolonia handiak akaba ditzake.«Hori hondamendi handia litzateke ingurumenarentzat», nabarmendu du Julian Urkiolak, Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko lehendakariak. Nahiz eta ezarri dizkieten tranpak eraginkorrak izan, etenik gabe zabaltzen ari da. Jada Oñatin (Gipuzkoa) aurkitu dute liztor horren ale bat. Beraz, laster Arabara sartuko dago. «Bi dira orain ditugun erronkak: liztor horrentzako propio balioko duen tranpa bat asmatzea, eta jada eginda dituzten habiak aurkitzea nahiz kentzea», azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapenerako zuzendari Juan Carlos Zuloagak.

Vespa velutina nigritorax da haren izen zientifikoa. Liztor bat izateko nahiko handia da: 30 milimetro inguru luze da. Erkatze aldera, bertako erlea –Apis mellifera— baino hiru aldiz handiagoa da. Gorputza beltza du, eta zuhaitzetan jartzen du habia: lau eta sei metro artean. Sei milimetroko eztena du. Erleak ez bezala, eztenkada bat baino gehiago eman ditzake. «Pertsonentzat ez da arriskutsua; bai, ordea, erleentzat. Izan ere, horiez elikatzen da nagusiki», argitu du Urkiolak. Beldarrak, tximeletak eta euliak ere jaten ditu, besteak beste.

Txinan, India iparraldean, eta Indonesiako nahiz Indotxinako hainbat tokitan du bizileku, batez ere. Baina 2005ean Europara iritsi zen itsaso bidez: Bordeleko portura (Frantzia), hain zuzen. Diotenez, egurrak zeramatzan itsasontzi bateko edukiontzi batean ezkutatuta egin zuen bidaia «Egun 32 departamentutara dago zabalduta, eta hango erleen populazioan kalte nabarmenak eragin ditu», dio Urkiolak. Izan ere, behin hedatuta oso erasokorra da. Hainbat daturen arabera, halako 30 liztorreko talde batek 30.000 erle hil ditzake hiru orduan.

Ipar Euskal Herrira duela hiruzpalau urte iritsi zen. Egun hango erlezainek «gaindituta» daudela aitortu dute. Baiona inguruan 500 metroko tartean bada liztor horien ohantze bat. Gainera, aterabideak eskatu arren, «oso poliki, polikiegi» iristen ari direla salatu dute.

Iazko udan begiztatu zituzten lehen liztorrak beren erlategien inguruetan Hondarribiko, Irungo eta Oiartzungo (Gipuzkoa) hainbat erlezainek. «Iparraldetik iritsiko zen gurera», Berehala, Neiker-Teknaliako ikertzaileekin harremanetan jarri, eta zela baieztatu zuten. Otsailean jakin zen Nafarroan zortzi habia agertu zirela: Oiaregin Etxalarren eta Beran bana, Sunbillan bi, eta Baztanen hiru. Azken egunetan Oñatiko erlezain batek liztorraren ale bat harrapatu du bere erlategi inguruan. «Susmoa genuen udaberria iristearekin batera kasu gehiago azaltzen joango zirela», dio Zuloagak. Gaur egun Gipuzkoan hamabost habia dituzte identifikatuta. «Oñatin liztorra agertu izanak, ordea, hankaz gora jarri ditu gure uste guztiak», aitortu du Urkiolak. Nola iritsi den ez dakite: «Izan daiteke bere kabuz, edo edozein garraiotan ezkutatuta. Baina garbi dagoena da Oñatira iritsi bada, laster izan daitekeela Araban, Beraz, hasiera batean ezarrita genuen ikerketa esparrua zabaldu egin beharko dugu». Konfirmazioa falta bada ere, Bizkaian ere agertu omen da bat baten bat.

Oso erasokorra

Normalean, erlauntzaren kanpoaldean jartzen dira, bakarka edo taldeka. Hala, zain egoten dira erleak polena jasotzetik noiz etorriko. «Une horretan erleei gehiago kostatzen zaie mugitzea, eta orduan egiten diete eraso». Burua eta eztenaren zati bat mozten diete, ondoren jateko. Beste kasu batzuetan habiara eramaten dute, geroago jateko. «Hori bezain larria da, inguruan halako liztorren bat dagoela antzematen badute, erleak ez direla habiatik ateratzen. Beraz, ez dute jaten, eta gosez hiltzen dira».

Asiako erleen kasuan, badute defentsa mekanismo bat liztor horien erasotik babesteko. Hala, erleak taldetan bildu eta liztorra inguratzen dute. Elkarrekin egonda, erleek 45 gradutik gorako tenperatura sortzen dute, eta liztorra ez da gai tenperatura hori jasateko. Ondorioz, hil egiten da. «Bertako erleek, ordea, ez dute ikasi oraindik mekanismo hori».

Konponbideak

Defentsa mekanismoak garatzen ez dituzten arte, erakundeak eta erlezainak buru-belarri ari dira lanean Asiako liztorrari nola aurre egin jakiteko. Bi esparrutan ari dira lanean. Batetik, sistema bat lantzen ari dira liztor horien habiak topatzeko. «Ez da erraza, oso zuhaitz altuetan jartzen baitituzte. Gainera, garai honetan zuhaitzak hostoz beteta daude, eta gehiago kostatzen da aurkitzea. Udan, gainera, liztorrez beteago egongo dira, eta zailagoa izango da kentzea. Beraz, ahalik eta azkarren identifikatzea eta kentzea komeni da», nabarmendu du Zuloagak. Protokolo bat sortu nahi dute horretarako. «Ez da berdina, adibidez, habia bat mendian agertzea edo hiri bateko parke batean. Ertzaintzarekin eta suhiltzaileekin ari gara harremanetan horretarako».

Bestetik, liztor horrentzat propio egokitutako tranpa bat lortzen saiatzen ari dira. «Harekin bizitzen jakin behar dugu, eta, aurre egiteko, ondo ezagutu behar dugu liztor horren jokatzeko era, guretzat ere oraindik ezezaguna delako», dio Zuloagak. Orain siropez, ardo zuriz eta garagardoz egindako nahasketa bat erabiltzen dute. «Emaitza onak ematen ari da. Bakarren batek ihes egitea lortu du, baina kopuru handi bat harrapatuta geratu da. Baina beste intsektu batzuk ere erori dira tranpa horietan, eta ez dugu hori nahi. Ez dugu beste espezie batzuk kaltetzerik nahi», azpimarratu dute biek. Hala, zerbait zehatzagoa eta eraginkorragoa topatu nahi dute. «Neikerrekin elkarlanean ari gara liztor hori erakarriko duen beste feromona bat lortu ahal izateko».

Inguruko administrazioekin ere harremanetan daude. «Litekeena da Kantauri isurialdeko erkidego guztietara iristea. Ez dugu baztertzen Espainiako Gobernura jotzea laguntza eske; ezta Europako Batasunera jotzea ere. Arazoak ez digu guri bakarrik eragiten, gizarte osoari baizik. Ingurumenarentzat eta ekonomiarentzat oso kaltegarria da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.