Virginia Belategi. Erlaxazio tekniken irakaslea

«Irakasleak autoritate izan behar du, baina ez autoritario»

Ikasgelan tresna beharrezkoa da isiltasuna, baina horrekin batera ikasleen parte hartzea sustatu behar dute irakasleek. Horretarako tekniken berri eman du Belategik, UEUn.

BOB EDME.
Maite Asensio Lozano.
2014ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Eskolan eta etxean zarata handiegia dagoela uste du Virginia Belategi Azpirik, arrisku psikosozialen prebentziorako teknikariak (Durango, Bizkaia, 1966). Isiltasuna zigor bidez lortu ohi da, baina lasaitasunean oinarritutako teknikak irakatsi zituen joan den astean, UEUk Baionan antolatutako ikastaroan: Isiltasuna gelan: arreta eta errespetua lantzen.

Isiltasuna ezinbestekoa al da ikasgelan?

Beharrezkoa da. Egoera bakoitzak bere premiak dauzka, baina irakasleak edukiak transmiti ditzan, edukiok hartzeko gutxieneko isiltasuna eta arreta egon behar da. Gaztetxoekin komunikatzeko ezintasuna antzeman dugu geletan, burua gauzaz betea dutelako, bolumen altuan, eta, sarri, krispazio handiz. Lehen premia da apur bat baretzea, isiltzea, eta gero emozioez hitz egitea.

Haur txikiekin bainoago, nerabeekin dago arazo gehiago?

Irakasleekin hitz egin dugunean konturatu gara DBHn eta batxilergoan dauden zarata arazoak Haur eta Lehen Hezkuntzatik datozela, eta etxetik: kultura bat da, etxetik eskolara mugitzen dena, eta eskolan hazi egiten dena.

Egungo gazteek zailtasun handiagoa dute isilik egoteko?

Orokorrean, gaurko gazteek bainoago, gaurko pertsonek dauzkagu zailtasunak isilik egoteko; gurasoen eta irakasleen artean ere badagoelako joera txutxumutxuka hasteko, sakelakoa begiratzeko... Estimuluz betetako gizarte batean bizi gara: denok ditugu zailtasunak isilik, bare, zentratuta eta norbere tokian egoteko.

Nola lortu lasaitasun hori gelan?

Ez dago bide bakarra. Baina oinarrizko baldintza da irakaslea bera leku lasai batean egotea, transmititu egingo baitu: klasera urduri edo presaka badoa, ikasleek tentsio hori antzemango dute, eta zama bihurtuko da. Ondoren, jarrera horren lagungarri, talde dinamikak egin ditzake: ariketak lasaitzeko, arreta mantentzeko, suspertzeko... Taldearen egoerarekiko sintonia lortzea da giltzarria; hortik aurrera, irakasleari baliabideak eman behar dizkiogu, ikasgela kontrolpean eduki dezan. Egoera bakoitza kudeatzean, lidergoa izan behar du.

Irakasleak autoritate behar du?

Autoritate bai, baina ez autoritario. Kontzeptua kutsatua dago, baina edozein erakundetan autoritatea egon behar da, norabidea ezartzeko. Boterearekin eta kontrolarekin baino gehiago, jakintza, errespetu eta segurtasunarekin lotuta dago. Irakasleak izan dezake autoritatea erakunde gisa, baina landu ere egin behar du: denek ez dute autoritate bera ikasleen aurrean, jokabidearen arabera.

Isiltasuna sendotzeak kalte egin al diezaioke parte hartzeari?

Gelan isiltasuna mantentzea zaila da, baina ikasleei hitz eginaraztea ere ez da erraza. Parte hartzeko eragozpenen errora jo behar da: motibaziorik eza, askatasun falta, erratzeko beldurra... Gelaren zarata emozional eta mentalaren maila jaistean, konfiantza giroa sortzen da, norbere egunerokoa apur bat gehiago konpartitzeko; ondorioz, ikasle gehiago sentitzen dira ekarpenak egiteko gai.

Parte hartze hori eskua altxatuz egin behar al da oraindik?

Talde bakoitzak neurri eta ezaugarri zehatzak ditu. Talde txiki informal batean erraza izan daiteke txandak hartzea, baina 20-30 pertsonako taldeetan garrantzitsua da kodeak egotea. Keinu isilak izan daitezke, ikasleari adierazteko hitz egiten jarrai dezakeela, adibidez; hala, komunikazioa gara daiteke, zarata igo gabe. Keinu horietako bat izan daiteke eskua altxatzea eta norbere txanda itxarotea: ez da neurri errepresiboa, erregulazio bat baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.