Ezarian

Iritsi da sagardo garaia

Sagardotegi bakoitzak ezaugarri propioak dituen sagardoa egiten du, baina badu ezaugarri orokor bat aurtengo sagardoak: aurreko urtekoa baino «gorputz handiagokoa» da.

Lander Muñagorri Garmendia - Araitz Muguruza
2014ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Urtarrileko egunak aurrera egin ahala, sagardotegiak hasi dira upategiak irekitzen, eta, harekin batera, betetzen doaz jangelak. Betekada handienak, hala ere, San Sebastian egunaren, urtarrilaren 20aren, jiran hasiko dira, orduan irekitzen baitituzte sagardotegi gehienak. Txotx garaiaren hasiera ekitaldi ezaguna, berriz, hurrengo asteazkenean egingo dute, eta «gure sagardo berria» esango dute Astigarragako Alorrenea sagardotegian (Gipuzkoa). Horren ondotik hasiko dute ehunka euskal herritarrek sagardotegietara erromesaldia.

Aurtengo sagardoaren ezaugarriak azaltzeko orduan, iazko negua datorkio ahora Unai Agirre Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko kudeatzaileari. Izan ere, neguko hotzak luze iraun zuen, eta udaberrian sartu arte sagarrondoak ez ziren loratu. Uda, berriz, lehorra izan da. Horregatik, «ez da sagar askoko urtea izan; kalkulatzen dugu aurtengo sagardoa egiteko erabili den sagarren %30 baino ez direla hemengoak izan». Hori bai, izan dena kalitatezko sagarra izan dela dio: «Hotz handia egin arren, lehor antzeko negua izan zen iazkoa, eta horregatik hartu du sagarrak ezaugarri berezi bat, eta eman dio sagardoari ukitu berezia».

Sagardoa osatzeko erabili dituzten sagarrak Frantzia eta Galiziatik ekarri dituzte batik bat. «Galizian uzta oso ona izan dute, beste urteetakoa baino askoz hobea».

Agirrek esan du orokorrean hitz egiten ari dela, horrek ez duela esan nahi lurralde osoan berdin gertatu denik, leku batetik bestera desberdintasun nabarmenak baitaude. Gipuzkoan, ibarretik ibarrera sagar kantitatean aldaketak daude, Agirreren arabera. Beterriko eskualdea izan da kantitatez gehien izan duena. «Hernani aldean, baita Irun aldean ere, eta gorago ere bai; Aduna aldean —nahiz eta eskualdez aldatu— ezagutzen ditut eremu batzuk non sagar asko izan duten». Handik gorago eginda, uzta «askoz txikiagoa» izan da, eta Tolosaldeko eta Goierriko sagarrondoek ez dute horrenbeste eman. Astigarragako Sagardoaren Lurraldeak irailean kaleratu zuen txostenean uztaren okertzeari egun eta arrazoi zehatz bat jarri zion: uztailaren 31n eta abuztuaren 1ean izan ziren eguzki kolpeak. Sagar asko usteldu ziren, eta behar baino lehenago erortzea ekarri zuen. Agirrek azaldu duenez, «Goierriko uzta eskasagoa denean kantitatean ikaragarrizko aldea izaten da». Kostaldeko sagarrondoek ere ez dute askorik eman aurten.

Neguko eguraldi kaskarrari gehitu behar zaio sagarrondoek uzta oparoena bi urtetik behin izaten dutela, eta 2012an izan ziren sagar asko. «Gehiegi zaintzen ez diren sagarrondoetan bi urtetik behinekoa izaten da uzta oparoa. Joera hori aldatzen ari da poliki-poliki». Hortaz, 2013a sagarraren urtea ez izateak eta izandako neguak «eragin zuzena» izan du.

Sagardoaren ezaugarri orokorrak aipatzea zail egiten zaio Agirreri. «Sagarren jatorria desberdina izaki, sagadotegi batetik bestera ikaragarrizko aldea dago; horregatik, zaila da ezaugarri orokor batzuk aurkitzea». Baina zehazten hasita, «gorputz handiagoa» duen sagardoa dela dio Agirrek. «Aurreko urtean baino tanino [edarien zaporea eta lurrina ezaugarritzen duen elementu kimikoa] gehiago du, eta horrek ezaugarri berezi bat ematen dio edariari». Guztira 12 eta 14 milioi litro sagardo egin dira Euskal Herrian.

Iazko urtearekin alderatuta uzta azkarrago heldu dela uste du Agirrek. «Modu horretan, sagardotegien egutegiak moldatzeko aukera izaten da». Dagoeneko lanean ari dira sagardotegi goiztiarrenak; badaude, bestalde, beranduago irekiko dutenak.

Lapurdin ere uzta eskasa

Aurtengo sagar uzta ere kaskarra izan da Azkaineko (Lapurdi) Txopinondo sagardotegian. «Udaberria hezea izan da, eta uda lehorra, eta, ondorioz, sagar gutxiko urtea izan da», Dominic Lagadec sagardotegiko kidearen esanetan. «Gipuzkoan uztarekin arazoa dutenean, hemen ere berdin gertatzen zaigu». Horregatik, gainerako sagardotegiek bezala, eurek ere lehengaia atzerritik ekarri behar izan dute aurten ere. Normandiatik (Frantzia), hain zuzen ere. «Gure sagarrekin antzekotasun handia daukate hangoek, garratzak eta azidoak baitira». Handik ekarri dute euren ekoizpena egiteko lehengai gehiena: %70, hain zuzen ere. Eta horiekin lortu dituzten produktuak kalitate handikoak direla nabarmendu du. Sagarrarekin, sagardoa ez ezik, beste ekoizpen batzuk ere ekoiztu ditu Txopinondok, besteak beste, muztioa, ozpina eta likoreak. «Gipuzkoako sagardotegiekin alderatuz gero, hori da gure bereizgarri nagusia: ez dugu sagardoa soilik egiten».

Sagar gehiena Normandiatik ekarri dutela esan du Lagadecek, baina iraganean ez zen horrela. Euskal Herrian sortzen zen sagar soberakina Normandiara eramaten zela azaldu baitu Txopinondo sagardotegiko arduradunak. «Duela mende bat egungoaren kontrako egoera zen, Normandian sagarrari etekin gehiago ateratzen zitzaiolako», dio. Gaur egun, ordea, Euskal Herrian ateratzen zaio probetxu handiagoa sagarrari, eta horregatik sortu da aurkako egoera hori. «Ekoizle guztiok nahiko genuke hemengo sagarrarekin soilik lan egin, baina hori ez da posible, sagardoaren truke hain gutxi ordaintzen den unetik». Sagardo ezberdinen arteko prezioen aldea oso txikia dela salatu du, eta, haren ustez, hori horrela den bitartean sagar ekoizleak ez dira sagarrondo gehiago jartzera animatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.