Aro baten amaiera

Hamar urteren ostean, Fran Garagarzak ez du Eibarreko kirol zuzendaritzan jarraituko. Administrazio kontseiluarekin adostutako erabaki bat da

Aitor Manterola Garate.
2021eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Aldaketa handia dakar Eibarrek atzo goizean jakinarazi zuen albisteak: Fran Garagarza kirol zuzendariak ez du klubean jarraituko datorren denboraldian. Administrazio kontseiluak eta teknikariak adostu dute. Horrenbestez, aro luze baten amaiera gauzatuko da ekainaren 30ean, kontratua bukatzen den egunean.

Duela hamar urte hartu zuen Garagarzak oraingo ardura. Aurretik, beheko mailetako entrenatzaile eta koordinatzaile izan zen, baita lehen taldeko bigarren entrenatzaile ere. Eibarren hasi aurretik, hainbat klubetan izan zen entrenatzaile Mutrikukoa (Gipuzkoa). Haren aginduetara, Eibar Bigarren B Mailatik Bigarren Mailara igo zen lehendabizi 2013an, eta hurrengo sasoian, inork espero ez zuena lortu zen: Lehen Mailara igotzea. Bi lorpen horiek Gaizka Garitano entrenatzaile zela erdietsi zituen klubak.

Ordutik dabil Lehen Mailan Eibar, aurreneko sasoian zelaian mailan galdu bazuen ere. Baina bulegoetan berreskuratu zuen, Elx jaitsi zuelako Ligak, auzi ekonomiko bategatik. Lehen Mailako bigarren denboralditik orain arte, Jose Luis Mendilibar da entrenatzailea, eta denboraldi honetan dabil estuen taldea mailari eusteko: azkena da lau jardunaldi falta direla, eta lau puntura du sasoiko helburua betetzeko aukera.

Garagarza da Espainiako bi ligetan (Lehen eta Bigarren Maila) denbora gehien daramana kirol zuzendari lanetan klub berean, eta haren lan onak oihartzuna izan du. Garagarzaren ardurapean, klubak jokalariak ekartzeko zeukan filosofia aldatu egin da urteen joanean; batez ere, Lehen Mailara igo zenetik. Ordura arte, ohikoa izaten zen beste taldeek utzitako hainbat jokalari aritzea Eibarren, eta ia denboraldi guztietan, jokalari berri asko ekarri behar izaten zen. Lehen Mailara igota, eta diru sarrerak ugaritu egiten direla baliatuta, Eibarrek jokalariak fitxatzeari ekin zion ia kasu gehienetan, Garagarzak berak esaten zuen bezala, «patrimonioa izateko klubak». Dirua gastatu ere egin du urte hauetan jokalariak ekartzeko, lehen ia pentsaezina zena Eibarren. Erostearekin batera, salmentak ere izan dira urte hauetan. Orain arteko salmentarik garestiena Joan Jordanena izan da. Kataluniarra Espanyoletik ekarri zuen, maila oso ona eman zuen azken denboraldian, eta Sevillak eraman zuen, 14 milioi euro ordainduta.

Ez da Garagarza izango Eibarren segituko ez duen bakarra, Mikel Martija idazkari teknikoak ere ez baitu luzatuko ekainaren 30ean bukatuko zaion kontratua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.