RIO16. ERAZTUN MOREA. Cathy Freeman

Sydney 2000

Australiako aborigenen ikur eta aldarri. Sydneyko Jokoetan, olinpiar sua piztu zuen, eta 400 metrokoan urrea irabazita ezinikusi eta gorroto urte batzuk itzali.

enekoitz telleria sarriegi
2016ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Biak esku berean edo biak esku banatan, baina bi banderak hartuta: Australiakoa eta herri aborigenena. Horrela ospatu zuen Cathy Freemanek 400 metrokoan lortutako urrezko domina. Eta horrela bihurtu zen, lehenaz gainera, herri oso baten ikur eta aldarri. Urteetan hankapean hartu eta txikitutako herriaren eskubideen ikur, eta haren jarduna goratu eta errespeta dadila boz gora eskatzeko aldarri. Olinpiar sua pizteko ardura hari ematea izan zen urteetako gorroto eta ezinikusiak leuntzen hasteko lehen keinua, eta urrea irabazita estadioak ospatu zuen modu hura bigarrena. Izan irudi edo keinu, sekula aurretik egin gabeko urratsa egin zen han.

Belaunaldi galdua deitu izan zaio Australian amaren besoetatik erauzi eta lurralde osoan arraza zuriko jendearen artean banatu ziren haur aborigen haienari. Alice amona zuen horietako bat Cathy Freemanek. Aitona, berriz, kartzelan egondakoa zen, aborigenen lan baldintza eskasengatik protestan greba egiteagatik —bi dolar ematen zizkieten astean—. Izugarrikeriak egin ziren Australian aborigenekin; Cathy Freeman txikitatik izan zen horien jakitun, eta aktibista gisa jardun zuen bere kirol ibilbidean horregatik. Ez zuen sekula aukerarik galdu izan adierazpenen bidez garaipenen ostean aborigenen banderan bilduta bere herriak jasandako diskriminazioaren kontra egiteko.

«Aborigena izatea daukadan dena da niretzat. Nire herria da. Nire lagun askok badituzte dohainak kirolean arrakasta izateko, baina ez zaie lortzeko aukerarik ematen», zioen Commonwealth-eko Jokoetan 400 metrokoa irabazi zuenean. Australiako bandera eta aborigenena batera hartuta ospatu zuen hura ere. Parlamenturaino iritsi zen eskandalua. Zigorra eskatu zuten batzuek. Freemanen erantzuna: 1997ko Munduko Txapelketako urrea berdin-berdin ospatzea. Horregatik izan zen horren garrantzitsua Sydneyn hari eman izana olinpiar sua pizteko ardura eta horren harrera beroa egin izana haren dominari. Itxi zirelako zauri batzuk. «Librea naizelako», esaten zuen beti Freemanek. Libreak garelako, zioen olinpiar estadioan jarritako pankarta erraldoi hark.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.