Ziburuko gurasoek eskatu dute murgiltzea ziurtatzeko

Kaskarotenia ikastolako gurasoek gutun bat bidali diete Guy Poulou auzapezari eta herri kontseiluari, ostiraleko Paueko auziaren kariaz

Kaskarotenia ikastolaren aldeko elkarretaratzea Ziburun. SYLVAIN SENCRISTO.
Baiona
2014ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Ziburuko auzapezak auzitara erman du, bigarrenez, Ziburuko Kaskarotenia ikastola. «Prefetak ikastola irekitzeko baimena eman duelarik, Ziburuko ikastolak parte hartzen duelarik [Frantziako] Hezkuntza Nazionalarekin eta Euskararen Erakunde Publikoarekin den hitzarmenean, kontratupean den eskola pribatu gisa hartua delarik, eta Baionako helegite epaileak aterabide iraunkor bat desiratzen duelarik», herriko etxearen «erantzun bakarra», beste epaiketa bat izan dela salatu dute gurasoek, Guy Poulou auzapezari eta herriko kontseiluari bidalitako gutun batean. Murgiltze eredua hautatzeko eskubidea bermatu behar dela erran dute.

Marinela auzotik, gaur egun ikastola kokatua dagoen tokitikjoan nahi ez izatea, «burugogorkeria» ez, baina «bizirik irauteko» molde bat dela diote. Herriko etxea haurtzaro eremu bat bilatuko ziela esan, eta, bitartean, hainbat funtzio bete dituen prefabrikatu hertsian egon direla nabarmendu dute. Are gehiago, Poulouk eraikin berri bat emango ez ziela adierazi zienean aterabide batzuk bilatzen aritu zirela azaldu dute. Eraikin bat alokatzeko prest zirela gaineratu dute, baita aisialdi zentroko gelen parte bat alokatzeko ere. Halere, Ziburun etxe bat alokatzeko dauden «arazoez» jakitun izanik, herriko etxeak etxe bat alokatzeko erran die.

Ez ulertzeak

Kaskarotenia ikastolako gurasoek ez dute Guy Poulouren erabakia ulertzen. Ziburuko Kolegioa eta Luma haurtzaindegi euskalduna lagundu ondoren, ez dute «ulertzen» nolaz orain ez duen ikastola lagundu nahi. «Ez dugu euskararen monopolioa ukaiteko asmorik, baina gurasoek murgiltze sistema hautatzeko parada ukan dezaten nahi dugu, elebidun eta elebakar ereduez gain». Halaber, Poulouk telebistan «mespretxuz» darabiltzala ere esan dute; «desegokitzat» jo dute gurasoez aritzeko «pertsona horiek» adiera erabiltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.