Oregik dio Petronorren isuriak «gorabeherak» direla, ez «arau-hausteak»

Bizilagunek diote isuriei buruz eurek abisatu ziotela Ingurumen Sailari.Findegia legez behartua dago isurien berri ematera, ez zigortzekotan

Gasteiz
2014ko irailaren 25a
00:00
Entzun
«Modu serioan lan egiten dugu, eta Petronorrek ere lan serioa egiten du ingurumen arloan. Hori dena txosten eta aktetan jasoa dago», adierazi du Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak, Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordean. Ekainaren 21ean eta uztailaren 2an bi isuri larri gertatu ziren Muskizen (Bizkaia), Petronorrek duen findegian. Hori dela eta, Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkideak hainbat galdera egin dizkio Ingurumen sailburuari. Oregik lasai egoteko esan du, eta nabarmendu du udan Petronorren jazotakoa ez dela «arau-haustea», «gorabehera bat» baizik.

«Noiz izan zuen Ingurumen Sailak isurien berri? Nork eman zion abisua Ingurumen Sailari?». Horiek dira Maeztuk Oregiri atzo egin zizkion lehen bi galderak, eta bigarren galdera txandan errepikatu zituenak. Jose Antonio Galera Ingurumen sailburuordeak erantzun zituen galdera horiek. Haren aburuz, ekainaren 21eko eta uztailaren 2ko isuriak gertatu eta hurrengo orduetan eman zion horien berri Petronorrek Ingurumen Sailburuordetzari: «Ekainaren 21eko goizean, sailburuordetzako ikuskatze talde berezi batek lehenengo bisita egin zuen, eta uztailaren 2an, isuria gertatu eta berehala, fax bidez informatu gintuzten».

Erantzun horrek harritu egin zuen Maeztu, komunikazioei buruzko informazioa eskatzean bestelako datu batzuk jaso zituelako. «Guk dugun informazioaren arabera, ekainaren 21ean SOS Deiek 09:00etatik jaso zituen bizilagunen deiak, baina enpresak ez zion inori ezeren berri eman. Uztailaren 2ko kasuan berriz, guri igorritako dokumentuek diote 12:27an SOS Deiek Ingurumen Sailari eman ziotela isuriaren berri, goiz osoan hainbat bizilagunen deiak izan ostean».

Iritzi berekoa da Amelia Garcia Muskizko San Julian auzoko Turruntero elkarteko kidea: «Ekainaren 21ean auzotarrok deitu genion Osasun Sailari, isuriaren erakuskariak bil zitzaten. Hori horrela da, nik neuk deitu nuelako», azaldu du Garciak.

Horrez gain, Osasun Saileko teknikariek, San Julianera joan zirenean, Garciari esan zioten isuria galdara bat martxan jartzearen ondorioz gertatu zela. «Geroago jakin genuen koke hautsa zela eta findegian zerbait gertatu zela. Hor ikus daiteke zeinen ondo informatuak zeuden Osasun Saileko teknikariak, Petronorren deiari esker». Isuriak gertatuz gero, Petronorrek berehala eman behar dio horien berri Ingurumen Sailari. Bestela, 20.000 eta 200.000 euro arteko isuna eta lantegia bi urtez ixteko zigorra jaso dezake.

Osasunean «kalterik ez»

Oregik nabarmendu zuen udako bi isuriek ez zutela kalterik eragin ez osasunean ez ingurumenean. «Ekainaren 21eko isuriak ez ditu gainditu erreferentziazko muga balioak», azaldu zuen. Uztailaren 2an isuritako gaia ez zela arriskutsua esan zuen. Horrez gain, sailburuak adierazi zuen isuritako gaien tamainari erreparatuta «gertagaitza» dela horiek arnastea.

Garciak uste du Ingurumen Sailak Petronor zuritu eta herritarrak alde batera uzten dituela. «Ekainaren 21ean, Ingurumen Sailak behin eta berriz esan zuen jasotako partikulak kaltegabeak zirela. Baina oraindik ez zekizkiten laborategiko emaitzak, eta uztailaren 2an beste horrenbeste gertatu zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.