Konstelazio berriei beha

Ikusminez hasiko da gaur Txapeldunen Ligako multzoen fasea, Europako futbola hankaz gora jarri duen merkatuaren ondoren. Ingelesak, PSG eta Bayern Munich dira hautagai nagusiak.

Lionel Messi, PSGrekin jokatutako estreinako partidan. YOAN VALAT / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko irailaren 14a
00:00
Entzun
Izarrak beste inon baino hobeto ikusten dira Europako gauetan. Futbolaririk onenen bilgune izaten da urtero Txapeldunen Liga, eta aurtengo aldia ez da salbuespena izango. Bada berritasun bat, ordea, eta ez nolanahikoa: izarrak batetik bestera mugitu dira fitxaketen azken leihoan, eta konstelazio berriak eratu dituzte. Gaur zabalduko da behatokia, multzoen fasearekin, eta maiatzaren 28ra arte egongo da zabalik. Orduan jokatuko da finala, San Petersburgoko Krestovski estadioan (Errusia).

Han izaten saiatuko da Chelsea, koroari eusteko ahaleginean. Faborito izan gabe, baina sendotasun handiz irabazi zuen aurreko Txapeldunen Liga, bere historiako bigarrena. Thomas Tuchelek maisutasunez zizelkatutako harkaitza da Londresko taldea: defentsako egitura ia gaindiezina du, eta erasoan jokalari erabakigarriak dauzka. Golegile peto bat falta zitzaion, eta Romelu Lukaku fitxatuz bete du hutsunea. Ingelesek 115 milioi euro ordaindu dizkiote Interri.

Ia prezio berean erosi du Jack Grealish Manchester Cityk, Chelseak finalean azpiratu zuen taldeak. Pep Guardiolarenek Europako txapeldun bihurtu nahi dute behingoz, eta Aston Villako erdilari ohia da taldea indartzeko egin duten apustu nagusia. Aurrelari bat ere nahi zuten, baina ez da posible izan. Dena den, errematatzailerik gabe iritsi ziren azken finalera. Jada buruz jokatzen dute, Guardiolaren estiloan.

PSG ere aspaldi dabil Txapeldunen Ligaren atzetik. Oraingoz, Qatarretik iritsitako ehunka milioiek ez diote balio izan ametsa betetzeko. Kopuru astronomikoak ordainduta fitxatu zituen, besteak beste, Neymar eta Mbappe; aldiz, uda honetan zentimorik ere ez du ordaindu behar izan Messi, Ramos, Donnarumma eta Wijnaldumen truke. Inoiz baino gehiago, txapelketa irabaztera derrigotuta dago Mauricio Pochettinoren taldea.

Ez du halako presiorik Bayern Munichek, bost bider izan baita Europako txapeldun; azkenekoz, orain dela bi denboraldi. Alemaniarrek den-dena irabazi zuten Hansi Flickekin, eta aro aldaketa abiatuko dute orain, Julian Nagelsmannen aginduetara. Alaba, Javi Martinez eta Boateng irten dira, eta Upamecano eta Sabitzer iritsi; biak ere Leipzigetik, Nagelsmann bera bezala.

Soilik kopuruz dira nagusi

Manchester United ere hautagai nagusien zerrendan dago, Ronaldo, Sancho eta Varane fitxatu ostean. Portugaldarra iraganeko loria berritzera itzuli da Old Traffordera. Anfieldeko bulegoetan ez da fitxaketa handirik egin, baina Kloppen Liverpool edonorentzat da mehatxua.

Ingelesen azkenaldiko nagusitasuna ezbaian jartzen saiatuko dira Espainiako ligako taldeak. Bost izango dira lehian, baina bakar bat ere ez dago faboritoen artean; Bartzelona eta Real Madril ere ez. Kataluniarrek Depay eta Aguero fitxatu dituzte, baina Messiren itzala oso luzea da. Italiako taldeak koska bat beherago daude. Aipatzekoa da Juventusen gainbehera. Bertan behera gelditu da, bestalde, etxetik at sartutako golek kanporaketetan zuten balio bikoitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.