Ezarian

Boilur zuria, Piemonteko diamantea

xabier martin
2011ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Munduko boilur garestiena da boilur zuria, Piemonteko eskualdean, Italian, Alba gisa ezagutzen dena. 1,5 kiloren truke 330.000 dolar ordaintzera iritsi dira. Normalean, kiloa 2.500-5.000 euroan saltzen da. Tuber magnatum espezieari diamante zuria esaten diote. Gainontzeko boilurretatik aldagai batek desberdintzen du: gordinik baliatzen da sukaldean, surik edo berorik erabili gabe.

Boilurra lurrazpian hazten den onddoa da, 40 bat zentimetrora, eta hura topatzea lan nekeza da. Hainbat arbolaren sustraiekin batera hazten da (artea, haritza eta urritza).

70 bat boilur espezie daude, Europan 32 inguru. Preziatuenak boilur beltza (Tuber melanosporum) eta zuria (Tuber magnatum eta Tuber album) dira. Zuria ezin da erein beltza bezala; egun gutxian eusten diote freskotasunari. Urritik urtarrilera hazten dira soilik, Italiako zazpi eskualdetan eta Esloveniako bakarrean. Urte batzuetan kopuru handitan aurkitzen dituzte, eta beste batzuetan apenas dagoen. Euskal Herrian ere badira boilurrak, Nafarroan, Orbaibar inguruan batik bat, eta Araban.

Historia pixka bat

Egipziarrek boilurrak jaten zituztela jakina da, gantzetan pasata edota egosita papillote erara. Greziarrek eta erromatarrek ere jaten zituzten, afrodisiakoak zirela uste baitzuten. Erdi Aroan, berriz, baztertu egin ziren. Euren itxura zela-eta eta baso ilunetako lur azpian jaiotzen zirela-eta, deabruarekin lotu zituzten. Luis XIV.aren erresuman berreskuratu ziren. Frantziako erregeak gastronomiaren lehen lerroan jarri zituen, elikagai preziatu gisa. Hain da indartsua eta sotila haren usaina, sukaldean erabil daitekeen elikagairik preziatuena baita sukaldari gehienen aburuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.