Atzean, sendo; aurrean, zuzen

Athletic emaitza onak lortzen ari da liga hasieran, eta horrek konfiantza galdua berreskuratzen lagunduko dio. Arlo fisikoan erakutsitako indarra eta lanerako konpromisoa dira orain arteko arrakastaren giltzak.

Muniain eta Iñaki Williams, gol bat ospatzen, Mallorcaren aurka. ARITZ LOIOLA / FOKU.
haritz gallastegi
2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Athletic «talde irabazlea» egin gura du Marcelino Garciak. Ez dauka beste ezer buruan. Gorabehera handiko talde bat fidagarria izatea du xede. Ez da lan erraza. Detaile txiki asko landu behar dira horretarako. Baina, badirudi, pixkanaka, galdutako sendotasuna berreskuratzen ari dela. Ligan emandako lehen pausoek erakusten dute bide onetik doala. Hurrengo urratsa izango da erakustea lehen bost partidetako sendotasuna ez dela izan kasualitatea.

ERRITMO BIZIKO TALDEA

Bost norgehiagoka jokatu, eta galdu ez duen talde batek gauza asko egin ditu ondo. Zer esanik ez aurkarien artean Bartzelona eta Atletico Madril egon badira. Baina bada ezaugarri bat beste guztien gainetik gailentzen ari dena: zuri-gorriek neurketei jartzen dieten erritmoa. Athleticek, aurkariaren bila abiatzean, daukan guztiarekin egiten du aurrera. Intentsitate handiarekin jokatzen du, eta kontrarioei kostatzen ari zaie arlo fisikoan maila hori berdintzea. Athleticek neurketari abiada handiagoa jartzen dionean, sumatzen da. Gauzak gertatzen dira. Baina dena ez da perfektua. Bizi jokatzeak akatsak ekartzen ditu. Oso zaila baita joko azkarra eta zehatza uztartzea. Athleticek arlo teknikoan dituen mugekin ezinezkoa da, gainera. Baina joko nahasi horretan eroso sentitzen da. Aurkari gehienak baino gutxiago galtzen du. Baina kezka ere badago zaleen artean. Ez baitago argi taldea gai izango den egun erakusten ari den maila fisikoan jokatzeko denboraldi guztian. Marcelinok izkin egin zion galderari horretaz itaundu ziotenean: «Ni ez naiz prestatzaile fisikoa. Gai honen inguruan ez dakit ezer». Urtarriletik edo otsailetik aurrera argituko da zalantza.

ATEA ITXITA

Bizi jokatzea ez da nahikoa talde lehiakorra izateko. Oinarri sendoa jartzea da lehen pausoa. Goi mailako talde guztiek talentu handiko erasoko jokalariak dituzte, baina inoiz ez dute defentsako lana ahazten. Arrakastaren giltza da. Athleticen lehentasuna da atzera begira egiten den lana. Aurrean eraginkor izatea kosta egiten zaionez, ezinbestean zaindu behar du ondo atea. Urteak daramatza arlo horetan nabarmentzen, baina, aurreko sasoiekin alderatuz gero, aurten banakako akats gutxiago egiten ari da. Ondorioz, gol bat baino ez diote egin. Arlo horretan, inoizko sasoi hasierarik onena egiten ari da.

ERASOAN, BIZI ETA ZUZEN

Athleticek oso aukera gutxi ematen ditu defentsan, baina, aldi berean, zailtasun handiak ditu aukera garbiak sortzeko. Talenturik ez du sobran; hortaz, dituen baliabideei ahalik eta etekin handiena ateratze aldera, Marcelinok joko zuzen eta azkarra proposatzen du. Euskarriek oso garrantzi txikia dute taldearen erasoko jokoan. Trantsizio azkarrak baliatuz min egin gura du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.