Sistemaren ardatza izan nahi dutela aldarrikatuko dute eskola publikoaren jaian

Lekeition egingo dute Euskal Eskola Publikoaren 27. jaia, igandean, 'Zapran gagoz' lelopean. Egitarau zabala atondu du guraso elkarteak

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Euskal Eskola Publikoaren 27. jaia Lekeition (Bizkaia) egingo dute, igandean. Urtero legez, ospakizuna eta aldarrikapena uztartuko ditu. «Euskal eskola publiko laikoaren alde gaudela esango dugu. Denona eta denontzat den eskola publikoa, euskalduna eta laikoa», iragarri zuen atzo EHIGEko presidente Ana Puentek. «Euskal hezkuntza sistemaren ardatza euskal eskola publikoak izan behar duela defendatuko dugu», gehitu zuen Lekeitioko eskola publikoko guraso Unai Zubiaurrek.

Eusko Jaurlaritza Hezkuntza Lege berri baten oinarriak jartzen ari da, eta garrantzi berezia hartuko dute igandeko mezuek. Izan ere, sistema publikoaren defentsa falta leporatu izan dio EHIGEk Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuari. «Egunotan hedabideetan euskal gizarteko hemezortzi pertsona ezagunek grabatutako iragarki bat dago ikusgai eta entzungai. Bertan esaten dutenakazaltzen du zer nahi dugun; nolako eskola eredua nahi dugun», nabarmendu du Zubiaurrek.

Aspaldi iragarri zuten bezala, Zapran gagoz da aurtengo jaiaren leloa. Puentek azaldu du herriko arrantzaleek erabil izan duten esamolde bat dela: «Arrantzaldi ona izan dutenean erabiltzen dute, eta zorteko daudela adierazi nahi dute horrekin». Haren erabilera gaur egun lekeitiar guztien artean hedatu dela zehaztu du Zubiaurrek. «Egunerokoan entzuten da. Baita Lekeitioko eskola publikoko ikasleen artean ere. 'Ez gagoz zapran', esaten diote Lehen Hezkuntzakoek irakasleari haserretuta daudenean». Irudirako ere itsasoari erreparatu diote: Xabat Agirre diseinatzaile ondarroarrak eta eskolako umeek arrain bat sortu dute. Koldo Goitia Lekeitioko alkateak iragarri du «ia dena» prest dutela eskola publikoaren aldeko milaka lagun hartzeko. Sei gune atondu dituzte herrian. «Guretzat urteko erronka nagusia Antzara Eguna izaten da, eta iganderako hura hartu dugu oinarri».

Bezperatik hasita

Egitarau mardula osatu dute iganderako. Eskolan egongo da guneetako bat. Han hasiko da jaia, 10:30ean; han joko du Atzekabe folk-rock taldeak, 11:30ean; eta hantxe izango da The Uski's taldearen kontzertua, 16:30ean. Plazan egingo da, besteak beste, herri bazkaria. Trikizioren erromeriak girotuko du bazkalostea. Hondartza inguruan, itsasoarekin harremana duten herriko elkarteek izango dute lekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.