Kontseilu Nazionalak Rodriguez proposatu du Sortuko idazkari izateko

Arnaldo Otegi ordezkatuko dute idazkari nagusi karguan. Konferentzia Politikoak datorren larunbatean berretsi beharko du erabakia, Iruñean

Edurne Begiristain.
2017ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Sortuko Kontseilu NazionalakArkaitz Rodriguez proposatu du alderdiko idazkari nagusirako, Arnaldo Otegiren ordez, BERRIAk jakin duenez. Joan den ekainean, EH Bilduko oinarriek Otegi hautatu zuten koalizioko koordinatzaile nagusirako, eta Sortun zuen kargua Kontseilu Nazionalaren esku utzi zuen Otegik. Ordutik, behin-behinean zegoen Sortuko idazkari nagusi gisa. Bi karguen arteko bateraezintasuna konpontze aldera, Sortuko Kontseilu Nazionalak atzo egindako bileran aho batez erabaki zuen alderdiko Ekintza Politikoko idazkari den Arkaitz Rodriguez proposatzea idazkari nagusi izateko.

Sorturen I. Konferentzia Politikoak berretsi beharko du orain erabaki hori. Datorren larunbatean bilduko da Konferentzia Politikoa, Iruñeko Refena erakustazokan, 10:00etatik aurrera. Konferentzia Politikoan Sortzaileek bakarrik parte har dezakete, eta dagoeneko haiek badute Kontseilu Nazionalak hartutako erabakiaren berri.

Rodriguezen izendapenak aurrera eginez gero, Ekintza Politikorako idazkari berria ere hautatu beharko dute larunbatean. Kontseilu Nazionalak Iñaki Lizundia proposatu du kargurako. Horrez gain, batzarrean Oihana San Vicente Arabako arduradun karguaz jabetuko da,Sorturen birfundazio prozesua egin zenean kargua hartzea atzeratzea erabaki zuelako.

Urte politikoaren hasiera

Datorren larunbateko Konferentzia Politikoak emango dio hasiera Sorturen urte politikoari. Idazkari Nagusiaren ordezkapena bozkatu ez ezik, urte politiko berrirako jarduera ildoak eta plan politikoa ere adostuko dituzte sortzaileek. Goizean egingo dute batzar politikoa, eta bertan, egoeraren azterketa eta Sorturen 2019-2020 urte arteko plan politikoaren ardatz nagusiak aurkeztuko dituzte. Horrez gain, plan hori garatu ahal izateko antolaketa erronkez jardungo dute.

Konferentzia Politikoa urteetan Euskal Herria eta ezker abertzalea lagundu duten pertsonak eskertzeko espazioa ere izatea nahi du Sortuk, eta horregatik, aitortza saria banatuko dute. Konferentzia burututa, Sortuk herri batzarrak egingo ditu urrian, urteko plangintza lantzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.