Altsasuko auziko preso guztiak Euskal Herriko kartzeletan daude jadanik

Iñaki Abad, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz izan dira ekarri dituzten azkenak. Iruñeko eta Zaballako espetxeetan dituzte zazpi auzipetuak

Joan den uztailean Iruñean Altsasuko auziaz izandako manifestazioa. JON URBE / FOKU.
Erredakzioa
Iruñea
2018ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Altsasuko auzian preso daudenzazpi gazteak Euskal Herriko espetxeetan dira jadanik. Altsasu Gurasoak-ek Twitterren jakinarazi zuenez, atzo jakin zen ekarri dituztela falta ziren hirurak: Iñaki Abad, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz. Iruñeko kartzelara eraman dute Abad, eta Zaballara (Araba) Unamuno eta Arnanz.

Espainiako Espetxe Zuzendaritzak abuztuan hasi zituen mugimenduak: 24an, Julen Goikoetxea eta Jon Ander Cob Zaballara eraman zituzten, eta, astebete beranduago, Aratz Urrizola ere hara, eta Adur Ramírez de Alda, Iruñekora. Madril inguruko espetxeetan zeuzkaten zazpiak preso.

Ekainean, Espainiako Auzitegi Nazionalak bi eta hamahiru urte arteko zigorra ezarri zien zortzi auzipetuei; guztira, 79 urte, 2016an Altsasun (Nafarroa) taberna batean guardia zibil batzuekin eta haien bikotekideekin izandako liskar batengatik. Ainara Urkijo zigortua ez dago preso, bi urteko kondena jaso zuela eta. Defentsak aurkeztua du epaiaren aurkako helegitea, erabakia «neurriz kanpokoa» delakoan. Fiskaltzak ere aurkeztuta du, ez dituztelako zigortu «terrorismo» delituagatik. Uda ondorengorako espero da epaileen deliberoa.

«Lortuta aurreneko pausoa: gerturatzea. Bigarrenaren bila orain: askatasuna», esan du Nafarroako Sortuk txio batean.

Iñigo Gulina, aske

Iñigo Gulina euskal presoa aske geratu da, ia urtebetean kartzelan egon ondoren. Joan den abenduan, Alemaniatik Espainiara estraditatu zuten Burlatakoa (Nafarroa); Jaen II-n zeukaten preso. Iazko urrian atzeman zuten, Berlinen, Mikel Barriosekin, ETAko kide izatea egotzita. Atxilotze agindua zuten, kale erasoetan parte hartzea leporatuta. Guardia Zibilak eta Alemaniako Poliziak elkarlanean egin zuten operazioa;Barriosek preso jarraitzen du, Osnyn (Frantzian).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.