Kristina Mardaras. Bertsolaria

«Bertsolaria zen nire senarra ere, baina aukera gehiago nituen nik»

Txapelketa Nagusian parte hartu zuen lehenengo emakumea izan zen Mardaras, eta bertsoari lotuta segitzen du. Emakumeen bertsolaritza orain 30 urte baino askoz ere hobeto dagoela nabarmendu du.

BUSTURIALDEKO HITZA.
jon eskudero
Donostia
2013ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Berak onartu ez arren, Kristina Mardaras (Iurreta, Bizkaia, 1948) bada norbait bertsolaritzaren munduan. Txapelketa Nagusian parte hartu zuen lehenengo emakumea izan zen, 1986an; ordutik makina bat euri bota badu ere, ahozkotasunari lotuta jarraitzen du. «Ordu eta erdiko ekitaldi bat zuzendu berri dut, eta protagonisten aurkezpenak bertsotan egin ditut». Bistan da: bertsolaritza barruan darama.

Inoiz pentsatu al zenuen Txapelketa Nagusian parte hartuko zuen lehen emakumea izango zinenik?

Ez. Ez zen nire intentzioa. 1983an hasi nintzen bertsotan serio, 30 urte nituela. Senarra eta familia nituela hasi nintzen mikrofonoen aurrean, beraz. Durangon bertso eskola moduko bat sortu zen, eta han hasi ginen senarra eta biok. Ondoren etorri zen txapelketa. Momentuan sentitzen nuena egin nuen nik, eta gertatu zen gerora beste batzuentzako erreferentzia izan naizela. Kontua da hari berean segitu dudala lanean eta nire irudia bizirik dagoela.

Bertso eskolatik txapelketara, beraz, hiru urtean igaro zinen. Bizkor.

Egia da. Dena den, nire etxean beti bizi izan gara euskaraz, eta gure hizkuntza beti izan dut mingainean. Euskara hainbeste maitatzeak lanak erraztu zizkidan bertsotarako. Hori bai, txapelketa horretan Euskal Herriko bertsolari guztiok eman genuen izena, izan eskasagoak izan hobeak. Nik banekien txapelketa horretan kantatzeko kalitaterik ez neukala, banuen horren kontzientzia, baina animatu egin nintzen.

Kalitatea plazetan irabazten omen da. Zuk, plaza batzuk egin zenituen.

Lehenengo plaza 82an egin nuen. Uste dut Bilboko jaietan izan zela. Niri asko kostatzen zitzaidan kontzentratzea, eta bertsoa buruan osatzeak lan handia eskatzen zidan. Saio horretan, halako batean, oihuak entzun nituen: 'Ala ba!, arre!'. Azkenean, bertsoa bota nuen, eta sekulako txalo zaparrada jaso. Merezi gabekoa izango zen akaso, baina, tira! Nire bertsoen kalitatea, nire ustez, ez zen oso ona izaten, baina emakume bat agertoki gainean ikusteak jendea liluratu egiten zuen. Ez zen ohikoa.

Gaur egun halako argazkirik ez da ikusten, baina, garai hartan, zu zinen emakume bakarra. Eroso sentitzen al zinen?

Egia esan, ispilu baten falta sumatzen nuen. Hizkuntza mota guztia gizonezkoek egindakoa zen. Alegia, guztia gizonezkoek egindako moduak ziren. Eta haien esaldiak eta umorea egiteko erak erabiltzeko eskubidea nik ere baneukan, baina pentsatzen nuen ez nuela halakorik egin behar, gizonezkoen hizkuntza bera erabiliko nuela iruditzen zitzaidalako. Ni kontziente nintzen emakumezkoa nintzela eta emakumezkotasunaren bidea egin behar nuela. Baina oso zaila zen, eta tartean-tartean molde maskulinoak ere ateratzen zitzaizkidan. Nik, jakina, ez nuen hori nahi. Izan ere, zerbait banintzen, emakume nintzen.

Presiorik izan duzu, behin ere, emakume bertsolari bakarra zinelako?

Emakume mugimendu bat bazegoen gizartean, eta horren presioa baneukan, ez bertsolaritzaren barrukoa. Askotan deitzen zidaten emakume eguna zela-eta kantatzera joateko. Ni, noski, joan egiten nintzen. Inguru hori baneukan, eta, nolabait, presio pixka bat sortzen zuen horrek.

Eta, kritikak, jasoko zenituen ba noiz edo noiz?

Bai, eta gehienak onak. Gauza berezia nintzen, eta dei asko jasotzen nituen Euskal Herriko plazetatik. Pentsa, nire senarra ere bertsolaria zen, Justo Alberdi, eta hari niri baino askoz gutxiago deitzen zioten. Nik aukera gehiago izaten nituen. Noski, feminista nintzela, oholtza gainean baino hobeto beste edonon egongo nintzela eta halako batzuk entzun nituen, baina kasurik ez nien egiten. Ez kasurik, ez kalterik.

Gaur egun, zer-nola dago emakumeen bertsolaritza?

Nire garaian baino askoz hobea. Orain, sei emakumez osaturiko saioak ikusteko aukera dago. Hori bai, lana ere badago egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.