Topatu dute Burlatan hil zuten andrearen gorpua

Arga ibaian topatu zuten hilotza atzo arratsaldean, Iruñeko Arrotxapea auzoan. Azken eraso sexistak salatu ditu Emakumeen Mundu Martxak

Poliziak Arga ibaiaren bazterrean, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
2017ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Astelehenean hasi ziren Nafarroako larrialdi zerbitzuak Blanca Marques 48 urteko burlatarraren gorpuaren bila, haren bikotekideak hil zuela aitortu ondoren, eta atzo topatu zuten, Arga ibaian. Iruñeko Arrotxapea auzoko Vergel zubiaren parean agertu zen hilotza, Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuenez. Aurretik ere inguruak arakatzen ibili ziren ontzi batekin, baina ez zuten ikusi. Ibaien emariak lasaitu direnean agertu da gorpua.

Asteartean espetxeratu zuten Marquesen bikotekidea, epailearen aurrean deklaratu ostean. Aitortu zuen larunbatean emakumea etxean ito zuela, eta igandean gorpua Ultzama ibaira bota zuela, Arren; sei kilometrora agertu da hilotza. Nafarroako Gobernuak iragarria du herri akusazio gisa aurkeztuko dela auzian.

2017ko lehen hilabeteko indarkeria matxistako kasuekin «haserre» agertu ziren atzo Emakumeen Mundu Martxako kideak. Bilbon egindako agerraldi batean, «nazkatuta» daudela adierazi zuten, eta autodefentsa feministaren aldeko deia egin zuten, «gure bizitzak daudelako jokoan». «Jakin dezatela Euskal Herriko matxista guztiek prestatzen ari garela, inposatu diguten emakume eredua apurtzen ari garela; ez garela menpekoak, ezta biktimak ere». Aldarrikatu zuten «pasibotasuna» ez dela onargarria, eta «hezkuntza estrategiak» abiatzea edo «lege eta baliabide instituzionalak» martxan jartzea galdegin zuten. «Garaia da hitzetatik praktikara pasatzeko».

Gogoratu duteaurten bortizkeria matxistaren ondorioz hildako bigarren andrea dela Marques: joan den astean, Portugaleten (Bizkaia), gizon batek 92 urteko ama hil zuen. Erakundeen ardura aipatu dute feministek, ez zutelako indarkeria matxistaren aurkako protokoloa aktibatu, erasoa ez zelako bikote barruan gertatu.

Era berean, gogor salatu dute komunikabide batzuek Sara Majarenas presoaren alabari aitak egindako erasoari emandako tratamendua. «Indarkeria matxistaren dimentsioa kokatu beharrean, erasoa jasan duen pertsonan zentratu dira, haren hitza zalantzan jartzeko eta morboz aritzeko». Majarenas kaleratzeko eskatu dute; izan ere, haren kasuak, indarkeria matxistaz gain, «sakabanaketaren erregimena eta espetxeen egitura patriarkala» biltzen dituela gogoratu dute.

Sakelakoarekin grabatuta

Asteburuan Bilbon 18 urteko emakume batek salatutako sexu erasoa ikertzen ari da Ertzaintza. Bertako iturriak aipatuz El Correo kazetak jakinarazi duenez, hiru gizonen bila dabiltza poliziak; uste dute bik bortxatu zutela, eta hirugarrenak sakelakoarekin grabatu zuela erasoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.