Giza salerosketaren biktimentzat aterpe bat jarriko du Nafarroak

Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Duela 20 urte hasi zen Nafarroako Gobernua indarkeria matxistaren biktimei arreta eta baliabideak eskaintzen, eta laguntza horien egokitasuna neurtu du Nafarroako Berdintasun Institutuak orain, biktimei arreta hobea emate aldera, indarguneak eta ahultasunak detektatzeko. Azken urteetan aurrera urratsak egin dituztela onartuta ere, laguntza «eraginkorragoak» eta «genero perspektiba handiagoa» beharko direla adierazi zuten atzo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok eta Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendari Mertxe Leranozek. Alde horretatik, neurri batzuk hartuko dituzte epe motzean: giza salerosketaren biktimentzat aterpe bat jarriko dute.

Zehazki, bi motatako laguntzak aztertu dituzte: batetik, indarkeria matxistaren biktimentzakoak propio (lan munduan sartzeko laguntzak, eta larrialdi sozialekoak); eta bestetik, laguntza orokorragoak (errenta bermatua, gizarteratze errenta aktiboa...). Horiek ikertu ostean, bi lehentasun azpimarratu dituzte Ollok eta Leranozek: bat, indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko baliabideen eredu berri batera jotzeko beharra; eta bi, arreta juridikoan genero perspektiba ezartzeko beharra. «Laguntzetarako sarbidea hobetzea eta biktimen prozesuak erraztea» izanen dira helburuak.

Bide horretan, epe laburreko, epe ertaineko eta epe luzeko neurriak hartuko ditu gobernuak. Epe laburrekoak aurten ezarriko dituzte; epe ertainekoak, berriz, 2019 bukatu baino lehen; eta epe luzekoak, azkenik, 2020-2021ekoaldi politikoan jarriko lituzkete indarrean.

Epe motzean, salerosketaren biktimentzako aterpeaz gain, adingabeekiko arreta zerbitzuetako lantaldea handituko dute, eta laguntzen eredu berria diseinatzeko lantaldea osatuko dute. Epe ertainean, larrialdiko laguntzak birplanteatuko dituzte: «Egun, oso gutxitan ematen dira laguntza horiek», azaldu du Leranozek. Bestalde, arreta juridikoa hobetzeko lantaldea osatuko dute. Epe luzera, berriz, aurreko urteetan diseinatutako eredu berria indarrean jarriko lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.