Kartzela eskaera Erorien Monumentuari buruzko ikerlan baten egileentzat

Azaroan epaituko dituzte, «sekretuak argitaratzea» egotzita. Aranzadi abstenitu egingo da monumentuaren ideia lehiaketaren bozketan

Molaren hilobia, Erorien Monumentuko kriptan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Kriptan zegoena lur azpian mantendu nahi dute. Gurutzearen Zaldun Boluntarioen Anaiartea izeneko ordena erlijiosoak salaketa jarri die ZER kolektibo memorialistako kide Clemente Bernad eta Carolina Martinezi, Iruñeko Erorien Monumentuari buruzko dokumental batengatik. Zehazki, ikerlan horretan monumentuaren azpiko kriptako irudiak «baimenik gabe grabatu eta sekretuak argitaratu» izana leporatzen diete bi ikerlariei. Fiskaltzak bi urteko kartzela zigorra eta 12.000 euroko isuna eskatu ditu auzipetuentzat; akusazio partikularrak, berriz, bi urte eta erdiko espetxealdia. Azaroaren 14an eta 15ean epaituko dituzte, Iruñean.

2017ko urtarrilean estreinatu zuten A sus muertos (Beren hildakoei) dokumentala, ZER kolektiboak Erorien Monumentuari buruz antolatutako jardunaldietan. Film horretan, monumentuaren izaera frankistak egungo Iruñean duen eragina aztertu zuten Bernadek eta Martinezek. Besteak beste, mausoleo barruko kriptan Emilio Mola eta Jose Sanjurjo militar kolpisten omenez egiten diren mezak izan zituzten aipagai. Gurutzearen Zaldun Boluntarioen Anaiartea da, hain zuzen ere, meza horiek antolatzen dituena.

Aranzadiren abstentzioa

Aranzadi udal taldeak atzo iragarri zuen abstentziora joko duela Erorien Monumentuari buruzko ideia lehiaketaren bozketan. Talde munizipalistako ordezkariek azaldu dutenez, ados dira «ideia lehiaketaren kontzeptuarekin», baina «memoria historikoa ardatz gisa hartuta», beste ezeren gainetik. Prozesua «gehiegi luzatu izana» kritikatu dute: «Legealdi hau bukatu baino lehen ezinen da eraikina bota, ezta munta handiko lanik egin ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.