Planto egin dute

Baionako ASB errugbi taldeko jokalariak greban daude, baldintza txarrengatik protestan. Ez dira joan azken partidara

Baionako ASB taldeko jokalariak, artxiboko argazki batean. ASB NESKAK.
Edu Lartzanguren.
2021eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Planto. Baionako errugbi zelaian talde bakarra agertu zen herenegun: Okzitaniako Tolosa. Etxeko ASB taldearen aurka jokatzekoa zen, baina baionarrek, zuzendaritzarekin hitz egin ostean, bozketa egin zuten, eta ez jokatzea erabaki. ASB taldeko emakumezkoak kexu dira aspaldi, Frantziako Elite ligan jokatu arren ez dituztelakoan horretarako behar diren baliabideak.

Jokalariek esan dute gogorra izan zaiela erabakia hartzea, baina ezinbestekoa zutela euren ahotsa entzunaraztea. Goizean, klubeko zuzendaritzarekin mintzatu ziren. Azken boladan hainbat jokalari joan direnez lehen lerro osoa falta zutela esan zioten, eta zehaztu zuten bigarren mailako taldeko jokalariak zelaira ateratzea haiek fisikoki arriskuan jartzea litzatekeela. Jokalariek azaldu dutenez, bilera tentsio handikoa izan zen, eta nabaritu zuten zuzendaritzak ez zituela serio hartzen. Beraz, keinu ikusgarri bat egitea erabaki zuten. Partida ez jokatzea proposatu zuten, txapelketarako balio ez zuela aprobetxatuz. Bozkatu, eta boto baten aldearekin erabaki zen greba egitea.

Jokalaririk ez

Baionarrek diotenez, entrenatzeko ere larri dabiltza, jokalariak falta dituztelako, eta salatu dute prestaturik ez dauden jokalariekin aritzera behartu dituztela. Taldea zahartzen ari dela diote, eta inbertsio gehiago egiteko eskatu dute. Egoerak eragina izan du taldearen emaitzetan; izan ere, ligako azkenak dira: hamasei puntu egin dituzte, eta 122 egin dizkiete.

ASB taldeko jokalariak ez dira profesionalak: ez dute dirurik jasotzen errugbian jokatzeagatik. Nabarmendu dute ez dutela dirua eskatzen, eta kobratuko ez zutela jakinda sartu zirela klubean.

Zuzendaritzak onartu du taldea ez dela garatu errugbiaren mundua bezain azkar. Halere, argudiatu du aurten prestatzaile fisiko bat jarri diela jokalariei;gimnasio bat daukatela eskura; bi jokalariri lana eman dietela Aviron taldean; beste biri, berriz, ikasketekin lagundu dietela, eta, azkenik, joan-etorriak konpentsatzeko ordaintzen dieten dirua handitu dutela.

Klubak adierazi du ezin izan duela galarazi hainbat jokalari Tolosara joatea, eta gogoratu du neskak onartu zituen kostaldeko lehenengo taldea izan zela, 1992an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.