Aurreneko zantzuak

Ustez sailkapenaren goialdean egoteko hautagai diren bikoteak nabarmendu dira Binakako Txapelketaren aurreneko jardunaldian

Danel Elezkano, errematatzear, herenegun, Mungian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Jardunaldi bakarra jokatu da Binakako Txapelketan. Ligaxkako beste hamahiru falta dira; mundu bat. Beraz, ezin da ondorio garrantzitsurik atera lehen lau partidetan gertatutakoaz. Hala ere, zantzu batzuk ikus daitezke.

Ustez goian egoteko hautagai diren bikoteek ez dute huts egin, eta irabazi egin dute. Azken ekitaldian finala jokatu zuten bi bikoteen kasua da hori. Txapeldunek, Danel Elezkanok eta Jose Javier Zabaletak, 22-7 hartu zituzten mendean Joseba Ezkurdia eta Xabi Tolosa, herenegun, Mungian (Bizkaia). Neurketak bi zati oso ezberdin izan zituen: aurrenekoa, oso berdinduta joan zen (7-7); bigarrengoan, berriz, Elezkano II.a-Zabaletak hamabost tanto egin zituzten jarraian. Aurrelaria izan zen onena. Ez zion kalterik egin aurretik masailean jasotako pilotakadak. Txapeldunordeek ere nagusitasunez irabazi zuten: Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisu 22-15 gailendu zitzaizkien Erik Jakari eta Jon Mariezkurrenari. Peña II.a izan zen onena.

Unai Lasok eta Ander Imazek, eta Iker Irribarriak eta Beñat Rezustak ere oso ondo ekin diote ligaxkari: Baikokoek 22-9 irabazi zieten Mikel Urrutikoetxeari eta Aitor Arangureni, eta Aspekoek 22-11 Jokin Altunari eta Julen Martijari. Laso eta Irribarria nabarmendu ziren euren itzuleran: nafarrak erakutsi zuen ondo ari dela, eta gipuzkoarra gero eta hobeto.

Emakume Master Cupeko Lau eta Erdiko Txapelketan, berriz, zehaztuta dago zein bi pilotari ariko diren pilota goxoko finalean: Leire Etxaniz eta Eider Zubizarreta. Etxanizek 18-1 irabazi zion Maria Eskuderori, herenegun, Balmasedan (Bizkaia), eta Zubizarretak 18-8 Aiala Uriarteri.

Goikoetxea-Lekerika, nagusi

Bestalde, Iñaki Osa Goikoetxeak eta Iñaki Lekerikabeaskoak irabazi zuten herenegun Munduko Kopa, Zinacantepecen (Mexiko). Bi setetan hartu zituzten mendean Aritz Erkiaga eta Imanol Lopez: 15-10 eta 15-12. 24 urtez azpikoan, Alex Goitiandia eta Danel Mandiola nagusitu ziren, bi setetan. 15-12 eta 15-8 irabazi zieten Pierre Etcheverryri eta Theo Laborderi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.