Elikadura. Hazkurri kontuak

Giza elikaduraren legeak

2014ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Soziologoek diotenez, orain arteko gizartea solidoa izan da; geurea likidoa dugu: lehen, printzipioak (agintariak, ordutegiak, ohiturak) ez ziren sekula aldatzen baina gaur anomiara (araurik ez izatera) bidean goaz, dogmak biziki efimeroak direlako. Aurrerantzean, oro har, hutsaltasunean bizitzera kondenatuak omen gaude.

Gureari dagokionez, gizakiak elikatzeko hartzen duena arau edo jarraibide jakin batzuek xedatu izan dute aspaldi honetan, hara:

Kantitatearen legea: elikagaien kantitateak organismoaren kaloria-premiak asetzeko adinakoa izan behar du. Organismoa batez ere kaloriaz (energiaz) hornitzen duten elikagaiak karbohidratoak (gluzidoak) eta gantzak (lipidoak) dira. Kaloria kantitateak, berriz, gorputzeko tenperaturari, muskuluen uzkurdurari eta nutrizio-orekari eusteko aski izan beharko du. Kalorien ikuspegitik, ez-nahikoa, nahikoa, oparoa edo gehiegizkoa izan daiteke dieta. Lege honen arabera, argaltzeko erregimenak ez-nahikotzat jotzen dira, kaloria-eduki urriaren lepotik organismoak pisua galtzea bideratzen dutelako. Nori zein kaloria-eskakizuna dagokion, nutrizio alorreko profesionalek zehaztuko dute, faktore batzuk aintzat harturik: adina, sexua, pisua, lana, gorpuzkera, kasuan kasuko egoera, osasuna, etab.

Kalitatearen legea: dietak osatua behar du izan, organo eta sistemek zuzen funtzionatuko dutela bermatuko badu. Zeinahi erregimenetan hartu beharko dira karbohidratoak, proteinak, gantzak, bitaminak, mineralak eta ura. Lege honen arabera, erregimenak izan daitezke osotuak (bariatuak) edo osotu gabeak.

Harmoniaren legea: elikabidea osatzen duten printzipio-kantitateek beraien artean proportzio harmonikoa gorpuztuko dute, haietako bakoitzak guztirako kaloria-balioaren zati bat osatu beharko duelarik. Ikuspuntu honetatik, dieta arrunt bat honela osatu beharko: proteina, kaloria-balio guztiaren %12 - %15; gantza, %30 - %35; karbohidratoa, %60 - %70.

Egokipenaren legea: dieta bakoitza gizaki jakin bati egokitu behar zaio, hurrengo faktoreak aintzat hartuta: adina, sexua, jarduera, osasun egoera, aztura kulturalak eta egoera ekonomikoa. Beraz, elikagaiak egokiro aukeratu eta prestatu beharko dira, onuragarria izan dadin.

Baina lege horien indarraldia agortu omen da, elikadura-enpresa erraldoiek aginduta, horrela enporio horien onurak biderkatu egingo direlako. Diziplinaz bizi nahi izanez gero, etekinak bai, izango lituzkete, baina ñimiñoak, orain arte bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.