Elikadura. Hazkurri kontuak

Jakien gaineko araudi berria Europa osorako

2014ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Urte honen kondarrean indarrean sartuko da kontsumitzaileari eman beharreko elikagai-informazioaren inguruko Araudi Bakarra. Horren xedea, Europar Batasunean komertzializatzen diren jan-edariez kontsumitzaileoi informazio ulergarri, objektibo, egiazkoa ematea da. Bestela esateko, etiketan agertzen diren iruzurrekin amaitzea. Bukatu omen zaie kontua, beraz, hirugarren ahaleginaldi honetan (dena ongi egokitzen bada). Dena den, lortu nahi denetik erdiesten denera alde handia izaten da maiz.

Ziri eta gezurrekin amaitzeaz gain, herritarren osasuna babestea eta zor zaien informazio-eskubidea aitortzea dira Araudi horren beste helburuak. Horrela, nolako elikagaiak aukeratu, eskuratu eta kontsumituko ditugun erabaki ahal izango dugu, behingoz.

Araudi horretan agertzen diren kontuetako batzuk dira nutrizioaz nahitaez eman beharreko informazioa, etiketa era ulergarriagoan (zailtasunengatik) eta irakurgarriagoan (letren tamaina, koloreak konbinatzea, etab.) idaztea, jatorriko herrialdea agertu beharra, gantzen izaera («landare-olioa» ez da aski izango, landare hori zein den zehaztu beharko da), alergenoen kontua, etab. Hau da, firma horiek ederki kontrolatzen dituzten arren, herritarroi (eta Administrazioari) ezkutatzen dizkiguten datuekin zintzo jokatu beharko dela aurrerantzean.

Hona hemen etiketarekin loturiko ohiko iruzur batzuk:

bilgarrian, produktuak benetan duen kalitatea baino hobea agertzea, etiketak dioenaz beste aldera;

produktu ez purua purutzat saltzea (oliba olioaren kasuan, legezkoa, etiketatik hasita);

«esne beltza» (esne kontzentratua eta ura) merkaturatu eta halakotzat ez aitortzea;

gehiegizko kaloriak edo gantz kaltegarriak ezkutatzeko, laranja koloreko fondoan informazio hori letra horiekin adieraztea;

egia esanda ere, terminologia (hitzak) aldrebesak erabiltzea;

osagaien inguruko informazioa tamaina txiki-txiki-txikian agertzea (16 letra 12 mm-tan);

jatorria ez zehaztea, EkialdeHurbilekoa denean, batik bat;

gauza bat iragarri eta beste bat saltzea (izokinaren ordez, amuarraina; hegaluzearen ordez, moja, marraduna, melba, lanpoa eta beste hainbat atundar; indioilarraren ordez, oilaskoa; oilaskoaren ordez, oilanda; meroaren ordez, tilapia; arrain itsastarraren ordez, akuikulturakoak; okela jangarriaren ordez, zurda, kartilago, gantzak, etc., etc.). Horretarako, izen zientifikoa ematen da, baina ez izen arrunta.

Eta beste hamaikatxo. Argi, lagun, jornala ekartzen kosta egin zaigu eta!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.