EHEren deia: esatetik egitera

Gogoetari ekin dio Euskal Herrian Euskaraz-ek, herritarrak «ahalduntzea» helburu gisa hartuta.Abenduaren 3rako jarri dute lehen mugarria

EHEko kideek kartelekin egin zuten deia abenduaren 3rako. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2015eko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Euskaldunak ahalduntzea jarri du ikasturte honetarako erronka EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak. Izan, egin, eragin, Euskal Herrian Euskaraz leloarekin, gogoeta zabaldu du taldeak. Herritarren artean aldaketa indartzea dute helburu. Jomuga hau jarri dute: «Euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatu behar dugu, esatetik egitera». Herritarrei dei egin diete jarrera aldaketa hori bere egin dezaten, eta lehen mugarri gisa abenduaren 3a ezarri dute: euskaraz bizitzeko hautua indartzea nahi dute.

EHEko hainbat kidek agerraldia egin zuten atzo, Donostian, gogoetaren berri emateko. Azaldu dute ez dela ekintza «bakana» EHErena. «Euskarak, euskalgintzak eta oro har Euskal Herriak bizi duen berregituratze prozesuan kokatu nahi dugu». Orain arteko moldeak gainditzea dute jomugan, uste baitute euskaldunak «bigarren mailako herritarrak» direla oraindik ere. «Bada egoera horrekin bukatzeko garaia, aurrera begiratzekoa». Horretarako giltza herritarrek eurek daukatela nabarmendu du EHEk.

«Praktika burujabea» ardatz

«Ahalduntzea» da oinarria, haren iritziz. Euskaldunak «burujabe» izatea. Abenduaren 3rako jarri dute horretarako mugarria, euskararen nazioarteko egunerako. Euskaraz bizitzeko eguna izatea nahi dute, «praktika burujabearen aldeko hautua» egiteko eguna. «Euskaldunok ekimena hartu beharra dugula erakutsi, euskaltzale erdaldunengan eta haien jarrera erosoan eragin, hizkuntza eskubideen bermean eragin, edota egunerokoan euskaldunok bizi ditugun gatazkak agerian utzi». Finean, euskaldunek dituzten trabak agertzea eta aurre egiteko bide ematea da helburua. Jadanik «euskal herritar askok» egina duten aukera orokortzea.

Komunitateari ere eman nahi diote zeresana, hura «batzeari eta indartzeari». Horretarako asmoz, abenduaren 3ko jarduna sare sozialetan partekatzeko deia egin du EHEk; #egotetikegitera traola erabiltzea galdegin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.