Pandemia hasi zenetik Ezkerraldearen egoera okertu egin dela salatu dute

Ehunka lagunek Sestao, Portugalete eta Santurtzi zeharkatu dituzte, prekaritatearen eta krisiaren aurkako «neurri zehatzak» eskatzeko

Ezkerraldea Martxan-en protesta, atzo, Sestaon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iker Aranburu.
2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Ezkerraldea Martxan-en urteroko jardunak esanahi berezia hartu du aurten, koronabirusaren krisiak sakondu egin dituelako Bizkaiko eskualde horren ohiko arazo ekonomikoak. Pandemia hasi zenetik bi puntu eta erdi handitu da langabezia tasa Ezkerraldean —maiatzean 3.060 langabe gehiago zeuden otsailean baino—, eta beste 7.874 lagun daude aldi baterako enplegu erregulazioan, antolatzaileek ziurtatu dutenez.

Ehunka pertsona bildu ziren atzo eguerdian Sestaoko Kasko plazara, hainbat langabe, bizilagun eta pentsiodun elkartek, gizarte kolektibok, talde feministak eta sindikatuk deituta. Sestao da, hain zuzen ere, Bizkaian langabezia tasarik handiena duen udalerria, Lanbideren arabera biztanle aktiboen %20,71 baitaude lanik gabe. Baina arazoa ez da askoz txikiagoa martxak zeharkatu zituen beste herrietan, eskualde osoan %17,4 baitaude langabezian.

Pandemiak Ezkerraldearen egoera okertu duela salatu zuten manifestatzaileek, baina arazoa aurretik datorrela zehaztu zuten. «Berriro diogu: COVID-19ak ez du krisia sortu, arazoa kapitalismoa da. COVID-19ak are ageriago utzi du ez duela funtzionatzen gehiengo baten aurka gutxiengo baten irabaziei lehentasuna ematen dien sistema batek».

Ezkerraldearen krisiarentzat «neurri errealak eta zehatzak» eskatu zituzten, eta zenbait proposamen egin zituzten, hala nola 1.200 euroren gutxieneko soldataeta zaintza lanak negozio bat ez izatea. Gainera, salatu zuten gastu militarrak baliabide publikoak xahutzen dituela.

Manifestatzaileek gogoan izan zituzten, hain zuzen, azken hilabeteetan lanean zirela eskualdean hildako lau langileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.