Berdintasuna, hautuen bitartez

Emakunderen Martxoaren 8ko kanpainak «jarrera eredugarrietan» jarriko du arreta

Izaskun Landaida, Emakumeen Nazioarteko Egunaren kanpaina aurkezten, atzo. EMAKUNDE.
Jon Rejado.
Gasteiz
2017ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Norberak erabakiak har ditzake gizarte parekide bat eraikitzeko. Emakundek baieztapen horretan oinarritu du Emakumeen Nazioarteko Egunaren kanpaina. «Pertsona bakoitzak zerbait egin dezake berdintasunaren alde, bere eragin eremuan», oroitarazi du Izaskun Landaida Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak. «Gero eta gehiago dira ekintzetara pasatu diren pertsonak», hausnartu du. Kanpainak «jarrera eredugarri» horiek ezagutaraziko ditu, gaurtik martxoaren 14ra arte.

Berdintasuna nire baitan ere hasten da leloa duen kanpainak iazko Martxoaren 8ko kanpainaren jarraipen gisa aurkeztu du Landaidak. Orduan, sexuan oinarritutako estereotipoak eta rolak betikotzen dituzten mezuetan jarri zuten arreta, baita sexuen arteko botere harremanetan ere. Aurten, berdintasunik ezari aurre egiten dioten askotariko jarrerak ezagutaraziko ditu Emakundek: alabari bere burua maitatzea ezinbestekoa dela azaltzen dion ama; ikasleei feminismoak gizarteari egin dizkion ekarpenak azaltzen dizkien irakaslea; txiste matxistak zabaltzeari uko egiten dion gizonezko gaztea; langileen gaitasunak lehenesten dituen enpresa; semeari Ez beti da ez irakasten dion aita...

Landaidak nabarmendu du eragile askok hartzen dutela parte berdintasuna eraikitzeko prozesuan. Hau da, aurtengo kanpainaren leloa gizabanakoen hautuetan jarri badute ere, zeresana duten eragileen zerrenda zabalagoa dela oroitarazi du Emakundeko zuzendariak. «Gure helburua ez da erantzukizun guztia soilik norberaren gainean jartzea; berdintasuna lortzea denon ardura da: erakundeena, mugimendu sozialena, enpresena, familiena, ikastetxeena, hedabideena... Eta, aurten gogoraraziko dugun bezala, baita pertsona bakoitzarena ere».

Alde horretatik, Emakundeko zuzendariak hausnartu du «gero eta gehiago» direla gizarte parekide baten aldeko hautuak hartzen dituztenak. «Kanpainaren bitartez, adibide horietako batzuk ezagutarazi nahi izan ditugu, eredu bihur daitezen». Hedabideen eta kaleko kartelen bitartez zabalduko dituzte mezu horiek. Halaber, norberak egin dituen hautuak sare sozialen bidez ezagutarazteko traola proposatu dute: #BerdintasunaEgitenDut.

Legea, adosten hasita

Bestalde, Landaidak ontzat jo du indarkeria matxistaren aurkako lege bat egiteko eskakizuna, eta aurreko legegintzalditik zetorren lan ildoarekin bat egiten duela gaineratu du. EH Bilduren ekinaldi bat baliatuta, Eusko Legebiltzarrak emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko lege bat eskatu du, aho batez. Eskakizun hori aintzat hartu du Emakundeko zuzendariak, eta, diagnosi batetik abiatuta, lege proiektu hori zehazten hasteko asmoa agertu du, gerora ekarpenetara zabaldu ahal izateko.

Halere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean den araudiaren balioaz mintzatu da Landaida. Berdintasunik eza eta andreen aurkako bortizkeria lotzen ditu, nazioartean iradokitzen den bezala. Hain zuzen, gogora ekarri du EAEko berdintasun legearen 7. atala emakumeen aurkako indarkeriari buruzkoa dela. Ordea, araudia eskakizun berrietara egokitu behar dela argi tu du: seme-alabak indarkeriaren biktima zuzen gisa hartzea, adibidez. «Lege honen bitartez egokitzea gauzatu nahi dugu, erantzun hobea eta osoagoa eskaini ahal izateko, bai prebentzioan eta bai arreta eskaintzean ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.