Israelek zazpi palestinar hil ditu Gazan, eta beste 400 zauritu

Gazako mugan 10.000 lagun elkartu dira; palestinarrek pneumatikoak erre dituzte soldaduen tiroak saihesteko

Palestinarrak, atzo, pneumatikoak erretzen, Gazan. MOHAMMED SABER / EFE.
2018ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
JABALIA. Israel eta Gaza arteko muga ke beltzez estali zen atzo. Israelgo armadaren tiroak saihesteko palestinarrek, soldaduen ikusmena trabatze aldera, aste osoan bildutako ehunka pneumatiko gurpil erre zituzten. Eguna, hala ere, beltzez jantzi zen. Israelek gutxienez beste zazpi palestinar hil zituen, tiroz, eta beste 400 zauritu, 107 balaz eta besteak negar gasa arnastuta. Axraf al-Qidra Gazako Osasun ministroak eman zuen datua.

Israelek «ekintza terroristatzat» jo zuen palestinarren protesta, eta mugatik 300 metrora gerturatzen ziren palestinarrak tirokatuko zituela ohartarazi zuen bezperan.

Itzuleraren Ibilbide Handia izeneko protesta egiten ari dira palestinarrak joan den ostiraletik, eta, hain zuzen ere, egun hartan hildako palestinarrak gogoratzeko protesta eguna antolatu zuten atzo. Israelek hemezortzi palestinar hil zituen egun hartan, eta beste ehunka zauritu; Gazan 2014ko udatik egindako erasorik latzena izan zen.

Nakba egunera arte, maiatzaren 15era arte, luzatu nahi dute ekintza, izan ere, egun horretan okupazioaren 70. urtemuga betetzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.