Gasteizen lan istripua izandako langile bat hil da

Kataluniako Pirinioetan, helikoptero pilotu donostiar bat hil da, argindar kableen mantentze lanetan ari zela

2020ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
GASTEIZ. Langile bat hil zen ostiralean Gasteizko ospitale batean, lau egun aurretik Arabako hiriburuan izandako istripuaren ondorioz. CCOOren arabera,kamioi baten atoitik erori zen langilea, eta oso zauri larriak egin zituen. Langilea Madrilgo Izobex Construcciones enpresakoa zen, eta Adania eraikuntza enpresa azpikontratatu zuen Gasteizko udalerriko Aretxabaleta herrian eraikitzen ari diren etxeetan lan egiteko.

CCOOk gogorarazi duenez, joan den astean gutxienez beste bi lagun hil ziren beharrean ari zirela: basoko langile bat, Muxikan (Bizkaia), eta kamioilari bat, Irunen (Gipuzkoa). Azken horren heriotza salatzeko batu ziren atzo ELA, LAB, Hiru eta beste sindikatu batzuk. Gaur bertan dute beste elkarretaratze bat, SEA Arabako patronalaren egoitzaren aurrean. Nabarmendu dutenez, lan erritmo bizkorregiek eta prekaritateak istripuak eragiten dituzte.

LABen zenbaketaren arabera, urtea hasi denetik gutxienez 40 lagun hil dira lanean ari zirela. Horiei batu dakizkieke Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiaren hondakinen azpian harrapatutako biak, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran.

CCOOk ere SEAren aurrean biltzera deitu du, eta eskatu die enpresei eta administrazioei neurri zorrotzagoak har ditzatela lan ezbeharrak gutxitzeko. «Aurtengo datuak beldurgarriak eta onartezinak dira, batez ere kontuan hartuta jarduera ekonomikoa aldi baterako geratuta egon dela».

Euskal Herritik kanpo, Kataluniako Pirinioetan, euskal herritar bat hil zen atzo, lan istripu batean. Haritz Galarraga donostiarraren eta beste lankide baten helikopteroa argindar lineen mantentze lanetan ari zen, La Vansa i Fornols udalerrian, Sant Marc izeneko parajean. Argitu ez dituzten arrazoiak direla medio, helikopteroak lurra jo zuen, eta, gero, su hartu zuen. Erreskate talde zabal bat antolatu zuten istripuaren berri izatean, eta suhiltzaileak iritsi ziren lehenik. Berandu zen, ordea, bi langileak salbatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.