EBk Londresen trantsiziorako eskari nagusiak baztertu ditu

Barnierren arabera, Erresuma Batuak 2019tik aurrerako aldaketak onartu beharko ditu, botorik ez eduki arren

2018ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
BRUSELA. Martxoan hasiko da EB Europako Batasunaren eta Erresuma Batuaren negoziazioen bigarren fasea, eta bi aldeek mahai gainean paratu dituzte brexit-a gauzatzeko trantsizio aldirako proposamenak. Joan den ostiralean aurkeztu zituen Londresek, eta atzo, berriz, EBk. Negoziazioak gogorrak izan dira orain arte, eta aurrerantzean ere hala izango direla espero da, Londresek egindako eskaera nagusiak, printzipioz, ez baititu onartuko Bruselak. «Aldi horretan [trantsizioan] erabakiak aplikatu egin beharko dira. Eta Erresuma Batuak jokoaren arau horiek onartu beharko ditu hasieratik», adierazi zuen Michel Barnier EBren negoziatzaileak, atzo, Bruselan.

Hasteko, trantsizioaren iraupen aldia dute eztabaidatzeko. 2019ko martxoaren 29an utziko du Erresuma Batuak EB; bi urteko aldaketa fase bat nahi du Londresek, baina Bruselak amaiera data zehatza jarri du: 2020ko abenduaren 31. Erresuma Batuak nahi du fase horretan EBk onar litzakeen arau berriak ez aplikatzea, eta beste herrialdeekin merkataritza itun propioak egitea. Barnierrek, ordea, hori ez dutela onartuko esan zuen atzo. Gainera, Londresi esan zion trantsizio aldian jada ez duela botorik izango Europar Kontseiluan, eta, «agian», ezingo dituela baliatu EBk batasunetik kanpoko estatuekin dauzkan merkataritza itunak. «Mundu osoko gure bazkideek izango dute aferaren inguruan esateko zerbait».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.