ZUZENDARIARI

Eskerrik asko, Txantxiku

Ane Rotaetxe eta beste 23 guraso
2020ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Bizi dugun uda bitxi honetan, gure seme-alabak udalekuetara bidali izana ama arduragabea izatearen antzekoa izan da. Eta ama diot, zerbait gertatu izan balitz gu geu izango ginelako ezbeharra ez saihestearen errudunak, gizarte-erruaren zama hain erraz kenduko ez genukeenak. Horrela gabiltza oraindik ere 2020. urtean, umeak heztea egokitu zaigun gizarte «berdinzale» eta «aurreratu» honetan.

Egunotan, zuk galdetu gabe eta inoren iritzia jakin nahi izan gabe, edonork aurpegiratzen dizu: «Eta zelan bururatu zaizu ba, pandemia erdian, umeak kanpalekura bidaltzea?». COVID-19aren garaia horrelakoxea dugu: arauak agintzen du, gizakiak obeditu eta kristo guztiak ematen du iritzia.

Aste honetan, aldiz, 12 egun Arabako aterpetxe batean eman ondoren, Deustualdeko 50 haur eta gazte onik eta pozarren heldu dira etxera,Berbaizu Euskara Elkartearen Txantxiku Aisialdi Taldeak antolatutako kanpalditik bueltan. Eta oso esker oneko gaude gurasook, ez bakarrik sukarrik eta sustorik gabe itzuli direlako (edozein kanpin, hondartza edo urtebetetzetan gerta zitekeena), baizik eta begirale taldeak kanpalekuaren aldeko apustua egin zuelako, aldundiek zein udalek udalekuak bertan behera utzi zituzten egunetan. Sen onez eta zentzuz jokatu zuten, gauzak ondo antolatuz, zaintza kolektiboa sustatuz eta, batez ere, kriterio propioak ezarriz, eta horren izpirik ere ez dugu sumatzen azken aldian, «normaltasun berrian».

Deustuko gazteek argi erakutsi dute, BEZa ordaintzeko eta kontsumitzeko ez ezik, elkartzeko eta harremanetan jartzeko beste modu batzuk ere badaudela garai berri eta arrarootan. Haien kanpaldia horren adibide garbia izan da. Edozein jarduera burutu daiteke, zentzuz eta mimoz antolatzen bada. Beharrezkoa da, gainera.

50 adingaberen ardura hartu duten begiraleak ere gazteak dira, eta oporretako egunak euro bat ere kobratu barik igaro dituzte, era boluntarioan. Hedabideetan ez dugu ezer entzuten ez irakurtzen bizipen hauei buruz, apustu hauei buruz, ezta gazteria honi buruz ere. Ez dago ez erreportajerik, ez elkarrizketarik, ez esperientzia hauek ezagutarazteko interesik. Amorragarria da gazteriazalbistegietan zabaltzen ari diren irudia, bai baitirudi zurrut egiten, zorakerietan aritzen eta hil daitezkeen aitita-amamak kutsatzen baino ez dakitela. Aski da, benetan! Aurrera gazteria! Eskerrik asko, beste behin ere, eta aurten bereziki, Deustuko Txantxikuko kideei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.