ZUZENDARIARI

Euskaldunon kontrako bazterketa Euskotrenen

Anartz Iturbe.
2022ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Ez da lehendabiziko aldia Euskotrengo langile euskaldunak erasotuak sentitzen garena, baina azkenaldian muga guztiak gainditu dira.

Gurea bezalako enpresetan oso ohikoa izaten da sortzen diren hutsuneak bete ahal izateko barne lan-poltsak sortzea. Azkenaldian postu askotarako deialdiak egin dituzte eta ia guztietarako komunikatzeko gaitasuna aipatu dute oinarrietan. Oinarrietan gaitasun hori bi hizkuntzetan izango dela ulertzen da, baina praktikan komunikatzeko gaitasun hori gaztelaniaz bakarrik neurtzen da.

Azterketen zati bat gaztelaniazko ortografia eta lexikoaren jakintzaren ingurukoa zen. Zergatik gaztelaniaz bakarrik? Zergatik euskara ama hizkuntza dugunok ez dugu aukerarik izan gaitasuna gure ama hizkuntzan frogatzeko?

Erantzuna betikoa, ez dagoela euskaraz materialik horrelako gauzak neurtzeko. Orain lau urte erantzun bera eman zuten antzeko arazo baten aurrean, eta konpontzeko bitartekoak jartzen ez badira gauza bera gertatuko da lau urte barru ere. Arazo honek zuzenean eragiten du langile guztiak aukera berdinak ez izateko bidean.

Hori gutxi balitz, jakintza probak egiteko lau txandatan banatu gintuzten. Ondoren euskaraz proba egin nahi genuen galdetu, eta, bigarren mailako langileak bagina bezala, euskaraz egin behar genuen guztiak txanda batean pilatuak izan ginen. Beste guztiengatik bereizi gintuzten, besteekiko arrotz sentiarazi, eta, gainontzekoentzat lau eredu sortu zituzten bitartean, euskaldunentzat bakarra sortuz. Horren ondorioz, gainerakoek euren beharren arabera egun batean edo bestean joateko aukera izan zuten bitartean, euskaraz egin behar genuenok ez genuen pribilegio hori izateko aukerarik eduki.

Asko dira jada zuzendaritzatik euskararen eta euskaraz bizi garen langileen aurka egiten ari diren erasoak. Gogoratu nahi diegu Euskotren izaera publikoa duen enpresa bat dela, eta, guztion zergekin finantzatzen den bezala, guztion eskubideak betetzeko konpromisoa beharko lukeela. Euskal hiztunonak ere! Hori kontuan hartzen ez den bitartean, ez da kalitatezko zerbitzu bat emango!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.