ZUZENDARIARI

Matesa-Iwer-erako proiektu berriak instituturik gabe utziko du Arrotxapea

Mikel Auza Makutso eta Oihane Jordana Mosén.
2022ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Iruñeak 200.000 biztanle baino gehiago ditu, hamalau auzotan banatuta, eta Arrotxapea da jendetsuena, 26.000 pertsona baitaude erroldatuta bertan. Hiriburuko auzorik handiena ere bada. Kopuru horiekin, herritarrentzako behar adina zerbitzu izan beharko lituzke auzoak, bereziki hezkuntzakoak. Haur eta lehen hezkuntzako lau ikastetxe dauden arren (D ereduko Patxi Larrainzar, PAI ereduko Arrotxapea, G ereduko Cardenal Ilundain eta A, G eta PAI ereduak biltzen dituen La Compasión-Escolapios), auzoan ez dago ikasle horiek guztiak hartuko dituen instituturik.

Arrotxapeko Plan Partziala 1989ko abenduaren 14an onartu zuen Iruñeko Udalak, UPN alkatetzan zela, eta horrek aldaketa sakona ekarri zion auzo honi. Planak, adreiluaren espekulazioaren eskutik, 5.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzea eta bestelako hainbat eraldaketa ekarri zituen: baratzeak desagertu egin ziren, eta fabrikak industrialdeetara lekualdatu. Plan horretan higiezinen gaineko espekulazioa kontuan hartu zen, bai, baina ez auzoarentzat beharrezkoak ziren zerbitzuak. Osasun-zentroa txiki geratu zen ia estreinatu zen egunean bertan, eta auzorako instituturik sortzea ez zuten aurreikusi.

Berriki jakin dugu Matesa-Iwer eraikinean 30 loft egingo dituztela, Healthcare Activos enpresak sustatutako zahar-etxe bat, gimnasio bat, jatetxe panoramiko bat, supermerkatua barne hartzen duen merkataritza-gune bat eta dozena bat lokal. Halaber, Marcelo Celayeta etorbidearen ondoan 5.000 metro koadroko berdegune bat eta etxebizitza gehiago jartzea aurreikusi da. Dena oso pribatua, baina auzoko bizilagunek dituzten beharretatik urrun dagoena.

Nafarroako Gobernuak 2026rako Iruñean edo bere eskualdean izaera industrialeko Lanbide Heziketako zentro bat eraikitzeko asmoa berretsi zuen. Industria arloko berrikuntzan, digitalizazioan eta prestakuntzan oinarritutako LHko zentro bat izango zela aurreratu zuten, honako lanbide arlo hauetako zikloak barne hartuko zituena: informatika, komunikazioak, elektrizitatea, instalazioa eta mantentze lanak, eta fabrikazioa eta mekanika; guztia 4.0 industriarekin oso lotua.

LABen ez dugu argi zentro berriaren proiektua proposamen serioa edo hauteskunde-propaganda hutsa izan den, baina egungo Matesa-Iwer eraikina berau ezartzeko kokapen ezin hobea izan zitekeela ikusten dugu. Kokapen horretan, gainera, birgaitze-proiektua (Open Lab) gehitu zitekeen, Cener energia berriztagarrien zentroarekin partekatua eta Europako Batzordearen funtsekin finantzatua. Era berean, Matesako eraikinak eta San Pedro taldeko etxebizitzak elektrizitatez hornituko lituzkeen energia-komunitate bat sortzea ekar zezakeen horrek.

LABen atsekabez ikusten dugu, eta baita salatzen ere, Iruñeko Udalak nahiago izatea hiriko eraikin enblematiko batean ekimen pribatuekin espekulatu, bizilagunei behar dituzten zerbitzuak ematea baino. Horrela, bada, Arrotxapeak instituturik gabe jarraituko du; auzoko gazteenek ezin izango dute ikasketekin auzoan bertan jarraitu, eta goizero Iruñeko beste auzo batzuetarako erromesaldia egin beharko dute bigarren hezkuntzako ikasketak egitera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.