Bi palestinar hil dituzte tiroz Israelgo militarrek

2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
JENIN. Israelgo Armadak bi palestinar hil zituen atzo Jeninen, tiroz. Palestinako Wafa agentziak emandako informazioaren arabera, 19 urteko Yazan Abu Tabj da hil dutenetako bat, eta bestea Palestinako polizia bat da: Tareq Ahmad Baduan. Armada Jeninen sartu zen atzo, etxebizitza bat botatzeko asmoz. Israelgo buruzagi militarrek esan zutenez, duela bi urte rabino bat hil zuen palestinar baten etxea botatzera joan ziren, eta eraso egin zien frankotiratzaile batek. «Geure burua defendatu behar izan dugu», azaldu zuten Israelgo militarrek, eta tiroz hil zuten Abu Tabj gaztea. Gero hil zuten Ahmad Baduan polizia, komisaldegi batean izandako tiroketan. Herenegun, Israelek 17 urteko beste gazte bat hil zuen tiroz, Hebronen.

Azken egunetan, Zisjordanian, palestinarrak protesta ekintzak egiten ari dira Donald Trumpek aurkeztu duen bake planaren aurka. Hamasek esan zuen atzo «zabalik» direla planari erantzuteko bide guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.