Koronabirusa

ELAk dio oinarrizko errentak ez dakarrela hobekuntzarik

Sindikatuak uste du ez duela balio egiturazko pobrezia konpontzeko, eta antzekoa izango dela gastua

Janire Landaluze eta Mikel Noval, atzo eginiko prentsaurrekoan. ELA.
2020ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
BILBO. ELAren arabera, Espainiako Gobernuak onartu berri duen bizitzeko gutxieneko diru sarrerak oro har ez du hobetuko Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren babes sisteman daudenen egoera. Eta bi gobernuentzat ere ez du etekin nabarmenik ekarriko, «dirua aurreztuko dutela azpimarratu duten arren».

Sindikatuaren arabera, neurriaren ondorioz ez da onuradun gehiago izango, salbuespen gutxi batzuk kenduta. Era berean, ez ditu konponduko Jaurlaritzaren diru sarrerak bermatzeko errentak eta Nafarroako errenta bermatuak dituzten «gabeziak». ELAk uste du diru sarrera horiek baliatu beharko liratekeela langabe guztien eta bakarrik bizi direnen errentak gutxienez lanbide arteko soldataren parekoak izan daitezen, eta %50 gehiago jaso beharko lukete beren kargura pertsona bat izanez gero.

Espainiak gutxieneko errenta onartu izanak ere izan du beste ondorio bat: Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kudeatuko dutela. ELAk, baina, azpimarratu du horrek ez duela «etekin ekonomiko» nabarmenik ekarriko. Transferentzia gauzatu ondoren —«teorian, urriaren 31n»—, oso antzekoa izango da «saldo ekonomikoa», eta, eskualdatzea gauzatu arte, gerta liteke euskal administrazioek jasotakoa baino zertxobait gehiago eman behar izatea, kupoaren eta ekarpenaren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.