Koronabirusa

Alokairurako laguntzak luzatu ditu Nafarroak

Abenduaren 31 arte izango dituzte lan erregulazioan daudenek eta autonomoek; langabeek, urtebetez

2020ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
IRUÑEA. Nafarroako Gobernuak alokairurako ematen dituen laguntzak luzatu ditu, aldi baterako lan erregulazioetan dauden langileentzat, langabezia saria jasotzen ari diren autonomoentzat eta langabeentzat. Aurreneko biek abenduaren 31ra arte eskuratu ahal izango dituzte, eta langabeek, urtebetez.

COVID-19aren harira, alokairurako laguntzak eskuratzeko baldintzak malgutu zituen gobernuak eta diru kopuruak gehitu. Horrekin batera, alarma egoerak iraun bitartean denbora horretan amaituko diren kontratuak automatikoki berritzeko beharra ezarri zuen, etxebizitza babestuetan eta merkatu librekoetan. Azkenengo bi hilabeteetan, 2.000 familiak eskatu dituzte laguntza horiek, Javier Remirez gobernuko presidenteordeak atzo jakinarazi zuenez.

Remirezek gogoratu duenez, alokairurako laguntza programa nagusietan—Emanzipa (norbanakoentzat) eta David (familientzat)— parte hartzeko eskakizunak malgutu dituzte. Bi kasuetan, maizterren errenten %50era arte ordain dezake gobernuak, etxebizitza mota guztietan. Horretarako, COVID-19aren krisiaren ondorioz egoera ekonomiko ahulean daudela egiaztatu behar dute maizterrek. Alarma egoera ezarri arte laguntza horiek jasotzen ari zirenek, berriz, %75era arte handitu dituzte errentak ordaintzeko laguntzak.

Era berean, programa horietan parte hartu ez baina Nasuvinsaren parke publikoko etxebizitzetan dauden maizterrentzako laguntzak ere gehitu ditu gobernuak. Hala, zenbait kasutan —diru sarreren arabera— errenten %75era arte ere ordain dezakete, hileko ordainketatik salbuetsi ditzake maizterrak, edo ordainketak atzeratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.