Correa presidente ohia ezingo da hauteskundeetara aurkeztu

Ekuadorko Helegite Auzitegiak berretsi egin du bere aurkako zortzi urteko kartzela zigorra, ustelkeriagatik

2020ko irailaren 9a
00:00
Entzun
QUITO. Ekuadorko Helegite Auzitegiak izan du azken hitza Rafael Correa presidente ohiaren aurkako auzian, eta, espero zen moduan, berretsi egin du haren kontrako zortzi urteko kartzela zigorra. Ondorioz, Correa ezin izango da presidenteorde kargurako aurkeztu —asmoa zuen— datorren urtean egitekoak dituzten bozetan.

Eroskeria auzi batekin lotuta zigortu dute Correa. Akusazioaren arabera, 2012tik 2016ra bitartean «legez kanpoko ekarpenak» jaso zituzten presidentetzaren jauregian Alianza Pais alderdi ofizialista finantzatzeko, eta trukean gobernuak milioika euroren kontratuak esleitu zizkien hainbat enpresari, besteak beste Odebrechti. Ustelkeria sarea bultzatu izana egozten diete Correari eta Jorge Glas presidenteorde ohiari.

Estatuburu ohiak bere aurkako «jazarpena» bultzatzea egotzi zion egungo presidente Lenin Morenori. «Inoiz baino denbora gutxiago behar izan dute behin betiko epaia emateko eta hautagaitzarako inhabilitatzeko. Ez dute ulertzen egiten duten bakarra herriaren babesa handitzea dela».

Presidente ohia Belgikan bizi da 2017tik. Urtebete lehenago, Ekuadorko auzitegi batek haren aurkako atxilotze agindua eman zuen, bere aurkako epaiketara ez agertzeagatik, baina Interpolek atzera bota zuen eskaria, argudiatuz «oinarri politikoak» zituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.