Txinak Pazifikoan dituen asmoez ohartarazi du Australiak

Australiako Atzerri ministroak uharteei eskatu die azter ditzatela Pekinek eskainitako akordioaren «ondorioak»

2022ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
SYDNEY.Txinak Pazifikoan dituen asmoez ohartarazi ditu Australiak hango uharteak. Penny Wong Atzerri ministroa Fijin izan zen atzo, eta eskatu zien azter ditzatela Pekinek eskainitakoaren «ondorioak». Asia-Pazifikoko hamar herrialdeekin segurtasun eremua zabaltzeko eta harremanak sendotzeko akordio zabal bat lortzea du xede Txinako Gobernuak, eta, horretarako, Wang Yi Atzerri ministroak bira bat hasi du asteon, herrialde horietako agintariekin biltzeko.

«Eskualdeak zehaztu beharra du eskualdeko segurtasuna. Historikoki hala izan da», azpimarratu zuen Australiako Atzerri ministroak. Adierazpen horiek gorabehera, Txinak Canberran duen enbaxadak atzo nabarmendu zuen ez duela asmorik «eragin eremu bat» edukitzeko, eta Asia-Pazifikoko eremuak ez lukeela izan behar «maniobra geoestrategikoetarako guda zelai bat». Filtratutako zirriborro baten arabera, Pekinek «partaidetza handiagoa» izan nahi du polizia zaintzan, zibersegurtasunean eta itsas baliabideen ustiapenetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.