Fermin Muguruzak jasoko du 2017ko Adarra saria

Ekainaren 21ean emango diote saria, Musikaren Nazioarteko Egunean, Donostiako Viktoria Eugenian

Fermin Muguruzak kontzertua emango du ekainaren 21ean, Donostian. J. U / ARP.
2017ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
MUSIKA. Iñaki Zarata kazetariak, Anjel Valdes musika ekoizleak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako teknikariak osatutako epaimahaiak erabaki duenez, Fermin Muguruza musikariak jasoko du aurten Adarra saria. «Berak beste inork ez bezala erakutsi du beste jatorri batzuetako doinuak eta eraginak bereganatzeko gaitasuna, eta gure kulturara ekarri ditu, euskararen baitara», arrazoitu du epaimahaiak.

Kortatu eta Negu Gorriak-en sortzaile izan zen Muguruza, eta azkeneko hogei urteetan hamaika proiekturen parte ere izan da. Halaber, munduko bazter guztietako artistekin egin du lan, eta, epaimahaiaren arabera, «beti dabil bidelagun berrien bila, bidea elkarrekin egiteko».

Muguruzak Marijose Rekalde artistaren eskultura bat jasoko du sari gisa, ekainaren 21ean, Musikaren Nazioarteko Egunean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian emango duen kontzertuaren aurretik. Emanaldi hori berezia izango da. Lehen aldiz, bere kantu ezagunenak abestuko ditu Micaela Chalmeta Big Band-Taller de Musics de Barcelonak lagunduta.

Donostia Kulturak eta Donostiako Udalak 2014an sortu zuten Adarra saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati omen egiteko. Lehen aldian, sari hori Mikel Laboaren «sorkuntza lanari eta jeinuari» eman zioten —2008an hil zen kantaria—, eta ondorengo bi sariak Ruper Ordorikak eta Benito Lertxundik jaso dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.