AEBek talibanekin ituna sinatu osteko lehen erasoa egin dute

Kolokan dago joan den larunbatean talibanek eta okupazio indarrek sinatutako akordio historikoa

Afganistango soldaduak kontrol batean, Behsooden. GHULAMULLAH HABIBI / EFE.
2020ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
KABUL. Historikotzat jo zen akordioa kolokan dago, sinatu eta lau egunera. AEB Ameriketako Estatu Batuetako tropek talibanen kontrako bonbardaketa bat egin zuten atzo Helmanden. Sonny Leggett koronelak eta okupazio indarren bozeramaileak zehaztu zuen ekintzaile talibanek Afganistango segurtasun indarren kontrolgune baten kontra egin zutela, eta horregatik egin zutela bonbardaketa: «Erasoa eteteko babes ekintza bat izan zen». Leggettek adierazi zuen talibanen kontra azken 11 egunetan egindako lehen erasoa zela, eta talibanek, egun bakar batean, martxoaren 3an, 43 eraso egin zituztela segurtasun indarren kontra, denak Helmanden.

AEBek eta talibanek historikotzat jo zen akordio bat sinatu zuten joan den larunbatean, Qatarren. Itun horretan, aldeek indarkeria ekintzak murrizteko konpromisoa hartu zuten, eta, era berean, okupazio indarren erretiratzeko bide orria zehaztu zuten: hamalau hilabeteko epean erretiratuko lirateke atzerriko tropak. Espero da itunak talibanen eta gobernuaren arteko elkarrizketak bideratzea, bien arteko gerra amaitze aldera.

Zeresana eman duena, dena den, presoen kontua da. Talibanen arabera, gobernuak 5.000 preso taliban askatzeko hitza eman zuen, ituna sinatu aurretik. Ashraf Ghani presidenteak, baina, ukatu egin zuen hori igandean, eta horrek talibanen erantzuna eragin du, asteartean hainbat eraso eginda.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.