Groves garaile, COVID-19ak gogor jo duen egunean

Australiarrak esprintean erabaki du 11. etapa. Julian Alaphilippe erori egin da, eta utzi egin du lasterketa

Kaden Groves atzo lortutakoko garaipena ospatzen. JAVIER LIZON / EFE.
2022ko irailaren 1a
00:00
Entzun
TXIRRINDULARITZA. Kaden Grovesek (Bike Exchange) irabazi zuen, atzo, Espainiako Vueltako 11. etapa. Esprintean erabaki zen garailea, eta oso lasai hartu zuen eguna tropelak. Julian Alaphilippe (Quick-Step) erori egin zen, eta lasterketa utzi behar izan zuen. Remco Evenepoel taldeburuak morroi garrantzitsu bat galdu du maillot gorria irabazteko lehian laguntzeko.

Bost txirrindulari gutxiago izan ziren tropelean. COVID-19ak arrastoa utzi du, eta azken egunetan hedatzen ari da. Sailkapen nagusiari begira, Simon Yates (BikeExchange) eta Pavel Sivakov (Ineos) izan ziren gaixotzen azkenak, bosgarrena eta bederatzigarrena, hurrenez hurren. Ken Pharmak ere hiru positibo jakinarazi zituen: Roger Adria, Hector Carretero eta Pau Miquelenak. Guztira, 20 dira gaixotasunagatik lasterketa utzi behar izan duten ziklistak.

Alaphilippe erori egin zen, eta lasterketa utzi behar izan zuen, beso euskarri eta guzti. Evenepoelek taldekide nagusia galdu du, eta garrantzitsua izan daiteke sailkapen nagusiari begira. Bestalde, ikusi beharko da zein lesio duen, baina ziurrenik ezingo du parte hartu irailaren amaieran jokatuko diren Munduko Txapelketetan.

Esprintean erabaki zen garailea. Pascal Ackermannek (Quick-Step) urrutitik abiatu zuen esprinta, baina luze egin zitzaion helmugarako bidea. Grovesek irabazi zuen etapa, eta Danny van Poppel (Bora) izan zen bigarren. Faboritoak elkarrekin helmugaratu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.